Hogei eta hamaika urte, diplomatura bat, lizentziatura bat, hamaika ikastaro, eleaniztasuna eta lanerako prestutasuna. Zer gehiago behar du gazte batek, bada, bizitza independente bati ekiteko?
Langabezi gordinak, etxebizitza alokairu neurrigabeak eta bizi baldintza prekarioek eraman gaituzte eskualde honetako gazte-helduak ere gurasoen gerizpean bizirautera. Gazte-helduak diot, gure gurasook ordurako bazituztelako bi seme-alaba, zer jan eta non lo egin.
Gaur egun independentea den gaztea ez da, berez, independentea. Etxebizitza propioa duen gazteak 30 eta 50 urtetarako hipoteka baten menpeko da, alokairua duenak bere hileko soldataren bi herenak bataz beste xahutzen ditu ordainetan, eta sobratzen zaionarekin des-elikatzeko aukera geratzen zaio. Hori gutxi balitz, lanpostutik lanpostura saltoka bizi da eta ezin du, nahita ere ez, familia bat sortzeko guraria bete.
Etorkizunik gabeko gazteak ei gara edo ezerezera kondenatu nahi gaituzte, bederen. Geroko jendartea eraikiko duen belaunaldi prestatua eta freskoa gara eta, hala izanik ere, gazteon ihesaldiarekin egiten dugu topo egunero.
Eta guk gure herrian bizi nahi dugu, bailara honetan. Maite ditugu gure inguruak, gure jendea, gure kultura.
Duintasunez lan eta bizi nahi dugu. Asko eskatzea al da?
Sofatik altxatzeko ordua iritsi da.