Aurtengo ikasturtean Begirale Titulua ateratzeko ikastaroa egiteko aukera zabaldu dute Aiarako, Amurrioko, Laudioko eta Urduñako udalek. Aiaraldeko interesatuek eskualdean bertan euskaraz trebatzeko aukera izango dute 2013ko urrian hasi eta 2014ko abenduan bukatzekoa den ikastaroan. 200 ordu teorikok eta 120 ordu praktikok osatzen dute prestakuntza, eta Eusko Jaurlaritzak homologatutako agiria jasoko du dena gainditzen duenak.
Horretarako baldintzak izango dira euskara menperatzea, 18 urte izatea (edo 2013an betetzea) eta elkarteekiko konpromisoa adieraztea.
Diruz lagundutako trebakuntza
Zati bat diruz lagunduko dela iragarri dute Aiarako, Amurrioko, Laudioko eta Urduñako udalek. Guztira 310 euro ordaindu behar dira (aterpetxeetako egonaldiak ez daude prezio honen barnean) eta ikastaroa gainditzen dutenek, amaieran, 200 euro berreskuratuko dituzte laguntza honi esker.
Matrikulazio epea zabalik dagoeneko
Irailaren 2tik 20ra matrikulatzeko aukera izango dute ikaslegaiek. Informazio gehiagorako eta izena emateko udaletako Euskara Arloetara jo beharko dute.
Bizkaiko Urtxintxa Eskola izango da ikastaroaren emalea. Euskarazko eta balioetan oinarrituriko astialdi hezitzailean esperientzia luzea du elkarte honek eta hainbat aldiz antolatu izan ditu ikastaro hauek Aiaraldean. Ikastaroaren gaitegi orokorra eskura daiteke webgunearen bidez.