Amurrioko jaietan 2 egunetako geldialdia izango denez aurten, abuztuaren 13rako lehenengo BTT ibilaldia antolatu du Herriarenak jai koadrilak. Koadrila horretako kideak dira BizikletEROAK afizionatu taldekoak, "mendira bizikletan igotzea dugu gustuko", adierazi dute.
28 kilometro luze eta 1050 metroko desnibela
Amurrioko parketik abiatuko da ibilaldia goizeko 9:30ean, bertatik "Etxegoien auzoa zeharkatu eta Mendeika herrira iristean Babioko tontorrera igoko gara. Izoriara jaitsi eta Eskoritas mendira igo. Tontorretik Maroñora eta berriz Belandiako errepidetik Mendeikara, burubioko tontorrera igotzeko. Azken mendia izanda, Etxegoieneko baselizatik Amurrioko txosna-gunean amaituko da BTT martxa".
Norabideak markatuta egongo dira, eta pista edo errepide gurutzeetan antolakuntzakoak egongo gara jendeari ibilbidea nondik den esateko. Egunean bertan goizeko 9:00etatik aurrera, izena emateko aukera izango da.