Artziniegako alde zaharra trafikoari begira itxita dago ekainean ordenantza indarrean jarri zutenetik. Geroztik baina, Artziniegako Bilduren esanetan, ika-mika izan da herrian bizilagunek sarbidea izateko banatu dituzten giltza eta txartelen kontura. Izan ere, Udal Gobernuak ordenantza martxan jarri eta hurrengo asteetan, bizilagunei giltza eta txartel bana gehiago banatu dizkie "gobernu batzordearen adostasunik gabe". Bilduk adierazi du, "beharrezkoa den kasuetan" aukera hori aztertzea eta baloratzea proposatu zutela "ez hori egiteko prozedura, eta are gutxiago txartelak bizilagun guztiei ematea".
Salatu dutenez, Udaleko idazkariak berak ohartarazi zuen etxebizitza bakoitzeko giltza bat gehiago ematea irizpide berria zela, eta ondorioz, ordenantza bera osoko bilkura berri batean aldatu beharko litzatekeela,"badakite legea ez dutela bete eta ez dira ausartzen hori onartzera".
EAJk trafikoa erregulatzeko eta alde zaharra peatonalizatzeko ordenantzaren inguruan kudeaketa "negargarria" egin duela dio Bilduk. Era berean, orain arte "emandako giltzak itzultzeko" eska dezala galdegin dio alkatetzari eta EAJri. Kasuak banan-banan aztertu eta beharrezkoa denetan giltza gehigarriak banatzearen alde agertu da koalizioa.