Kanpaina berria abiatu dute Laudioko AEK, Udal Euskaltegia eta Laudioko Udalaren artean, elkarlanean. Iraila matrikulazio garaia dela aprobetxaturik, bultzada berezi bat eman nahi izan diote aurten, euskara ikasi edo lantzeko tentatuta dabiltzan horiei.
Izan ere, "krisialdia oztopo izan ez dadin", neurri batzuk adostu dituzte hiru erakundeek, euskararen sustapenean aurrera ekiteko.
Beka bereziak langabetuentzat
Esaterako, ohi bezala, baldintzak betez gero eta laguntza eskatuz gero, Udalak euskara ikastearen kostearen erdia ordainduko dio laudioarrari. Baldintza hauek, klasetan %85eko asistentzia izatea, Udal, aldundi eta Gizarte Segurantzarekin zorrik ez izatea, eta Laudion erroldaturik egotea dira.
Ikasleei matrikulazioaren %50a finantzatuko zaie, eta langabetuen kasuan, "ahalegin berezia" egingo da. Eragileek esan dutenez, %75a ordainduko zaie ikasleei "ikastaroak iraun bitartean egunen erdiak langabezian eman badituzte".
Euskara Arlora jo beharko du laguntza hori eskuratu nahi duenak.