Laudioarrek San Roketako bigarren txanpari helduko diote laster. Bihartik aurrera, bost egunez jarraian arituko dira kaleak girotzen eta ekintza andanaz gozatzen.
Asteazkenean, Berakatz Eguna aitzakia
Goiz goizetik haurrentzako pilota erakustaldia, hockeya eta tailerrak izango dira erdigunean.11:00etan berriz, adinekoen etxetik abiatuko du Untzueta Dantza Taldeak Sokaren hasiera. Lamuza parkean urteroko bazkaria egingo da, eta jarraian Erdizka Lauetan taldearen eskutik euskal dantzak ikasi eta dantzatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.
Gaueko 22:00etan Made In Laudioren ordua iritsiko da, eta jarraian, Txosnagunean, Hip-Hop Gauari helduko diote.
Osteguna Koadrilen Eguna
Kalejira baten ostean, koadrilen bazkaria izango da institutuko frontoian. Arratsaldean AEKren eskutik Basalarrina Euskaldunon Topagunean futbolin txapelketa egingo dute, eta beste hainbeste kale ekintzaren artean, iluntzeko 21:00etan Egurra eta Kitto taldearen kontzertua izango da Txosnagunean. 00:00etan aldiz, Tximeletarekin dantza eta kanta egiteko aukera paregabea izango dute herritarrek eremu berean. Gauari jarraipena eman nahi dionak, Disko Dantzarekin egin ahal izango du Zumalakarregi etorbidean.
Baserritar Egunean pintxo leihaketa, animazioa eta haurrentzako jolasak
Arratsaldeko 18:00etan, Kultur Jaialdia egingo dute Fit Ta Fik Elkarteko kideek Lamuza Plazan. Gaueko giroa musika eta ikuskizunez beteko duena "La Troba Kung Fu" taldearen kontzertua izango da, 23:00etatik aurrera Zumalakarregin. 00:00etan "Vendetta"k hartuko dio erreleboa txosnagunean, eta jarraian, "Zirkiniz bez"en berbenak girotuko du gunea.
Egun handia larunbatean, odolosteena
Odoloste Egunean KirikiƱoren eskutik Txan Magoaren emanaldia izango da 18:00etan herriko plazan. Iluntzean nonahi izango da odolostea afaltzeko aukera. Gaueko 00:00etan tren geltokitik abiatuko da presoen aldeko kalejira. Gaueko ordu txikitan ere fanfarreak girotuko ditu herriko kaleak eta 03:00etan, galtzontzilo eta kulero lasterketa izango da herriko plazan. Ordu erdi lehenago, 02:30ean, Kuadrilen arteko Pankarta Leihaketaren Sari banaketa ekitaldia egingo dute.
Erroketxuren erreketarekin agurra
Igandean emango zaie amaiera jaiei, Erroketxu txakurraren erreketarekin. Egunean zehar txistulariak, musika, bazkariak...eta gaueko 23:30ean, Erroketxu txakurraren kalejirarekin batera agurtuko dituzte jaiak, datorren urtera arte.