Gorbeialdean bizikletaz ibiltzeko alokera zerbitzua abiatu du Gorbeialdeko Turismo Bulegoak. Zerbitzuak Orozkoko Museoan du egoitza zentrala, eta asteartetik igandera, etenik gabeko eskaintza izango da goizeko ordutegian, 9etatik arratsaldeko 3ak arte.
13 bizikleta izango dituzte egitasmo honetarako: 2 tandem, 2 elektriko, 7 arrunt, eta haurrentzako aproposagoak diren beste 2. Gorbeialde Elkartearen ekimen eta erronka nagusienetakoa da orain, Arratia-Nerbioiko bulegotik sustatzen dena. Helburu gisa, "bizikletaren erabilpena bultzatzeaz gain, garraio sostengarriari bide ematea dago", eta herria ezagutarazko ibilgailu egokia dela adierazi dute elkartetik.
Bizikleta egunerokoan erabiltzeko gonbidapena
Orozkoarrei zein herrira bisitan datozenei, bizikleta erabiltzeko gonbidapena luzatu die Gorbeialde Elkarteak. Bizikleta alokeraren zerbitzua erabili nahi izanez gero, museora hurbildu, NA aurkeztu eta orri bat betetzearekin nahikoa izango da. Euro 1 eta 5 euroren arteko kostea izango du zerbitzuak, hautatutako bizikletaren araberakoa; eta gehienera ere, egun erdiko erabilpena eman ahal izango zaio. Bizikletak leku berean jaso eta itzuli beharko dira.