Jai giroz lepo dator aurten ere Amurrioko Jaien programa eta, nola ez, jai giroz lepo datoz amurrioarrak ere. Beste urte batez, herri honetako abuztuko bigarren asteak egitaraua dantzan jarri du Aiaraldean. Ikuskizunak, dantzaldiak, kontzertuak, lasterketak, txapelketak, kalejirak... orduz ordu eta egunez egun, plaza, kale eta zelaiak jendez beteko dituen programazioak osatu dituzte. Bai udaletik, bai elkarteetatik, eta baita Jai Herrikoien Aldeko Batzordetik ere lan eskerga egin da 2010eko aste beteko jai maratoia antolatzeko.
19:00etan Iguarrakoaren etorrera
Txupinaren jaurtiketa Iguarrako Amurrioko maskotaren etorrerarekin batera izango da herriko plazan. Baina lehenago, egun osoan zehar, koadrila eta bizilagunek izango dute zer eginik.
Esaterako, 11:00etatik aurrera, eskupilotako finalerdiak jokatuko dira; eta 13:00etan Amurrioko Koadrilen aurkezpena egingo da Juan de Urrutia plazan. Pregoiaren irakurketa ekitaldia 18:00etan izango da, aurtengoan, Amurrioko Musika Eskolaren eskuetan egongo delarik.