Larunbatean jokatu zen Aramaion Arabako Kuadrila arteko bertsolari txapelketa. Bat-bateko saioan, Aiaraldeko altubepekoak eta Aguraingo Sorginetxe taldea aritu ziren. Azken hauek jantzi zuten txapela. Idatzizkoan, aldiz, Gasteizko Martin Ttipia eta Aramaioko Ai Ene taldeak kantatu zuten nork baino nor. Bertso sortarik onena, gasteiztarrena zela ebatzi zuen epaimahaiak.
Giro ona izan zen nagusi finalean. Bertsolari guztiak gogotsu taularatu ziren. Sorginetxetarrek inork espero ez bazuen ere zerbait ondo egingo zutelakoan finalera heldu direla defendatu dute, Araban herriz herri bertsoa ari duelako. Altubepekoek berriz, bazkariarekin nahikoa ez eta kamiseta morez jantzitako Lautadako berenjenak meriendatuko dituztela aitortu dute, txapela jantzi ezkero kristoren orgasmoa izango dutelakoan.
Zortziko handian hasi zen saioa, Altubepeko Ainhoa Comas tabernari paperean eta Sorginetxeko Oier kafea hartzera heldu den bezoarenean, kanpoan herriko munizipalek marokoar bat atxilotu dutela-eta. Poliziaren arrazakeria izan zuten gaitzat. Ainhoak hauek direla gizartea belzten dutenak esan eta barrenaren balioa defendatu zuen azalaren kolorearen gainetik.
Zortziko txikian Altubepeko Julen Eizagirre eta Sorginetxeko Oihane Perea aritu ziren buruz buru. Julen kalamua erretzen harrapatu dute eta isuna jarri zioten, Oihane amak jaso zuen isuna eta eskutitza. Oihanek semeari esan zion amonaren belar terapeutikoa ez ukitzeko agindua emana zuela eta Julenek ordea Gasteizen, Green Capital bezala, marihuana erretzea legala dela esanez erantzun zion. Biek bakearen pipatik errez amaitu zuten ofizioa.
Bakarkako lanetan Izar Mendigurenek bere alaba txikiari azaldu behar izan zion martxoaren 29an, greba eguna, zergatik ez doan eskolara. Amak alabari azaldu dio, etxekoandre bezala, ez duela kate motzean bizi nahi txakur bat balitz bezala eta duintasuna ez dela saltzen hiru txakur txikiren trukean.
Azken aurreko lanean, Sorginetxeko Oihane Perea eta Altubepeko Serapio Lopez aritu ziren, maitasun egarriz. Oihane urteetan Serapiorekin maitemindurik egon zen, egun ordea, Serapio da Oihanerekin maitemindurik dagoena. Oihanek arroza ia-ia pasatu eta tropiezoz betea duela esanez eman zizkion Serapiori kalabazak. Serapiok, berriz, berak maite duen neska bakarra dela ziurtatu zion eta almejak eta ganbak ederrak direla txupatzeko.
Maitasun kontuak alde batera utziz eta azken lan puntuagarrira salto eginez, segidillan aritu ziren. Talde bakoitzako hiruna kide Aramaioko zelaietatik, herriko frontoira jaitsitako behien paperean jarri zituzten. Mala letxeak eta letxe txarrak izan zituzten hizpide Altubepekoek eta azenarioak jateko gogoak Lautadakoek.