Euskara elkarteen federazioa den Topaguneak bederatzigarren urtez antolatu du “Laburbira” egitasmoa. Euskarazko film laburren emanaldiak Euskal Herriko hainbat herrira ailegatzen da euskara elkarteen bidez, eta gure eskualdean ere izango da film laburrez gozatzeko aukera.
Martxotik apirilera bitartean 27 herritan jarriko dira ikus entzunezkoak; aurten zortzi izango dira. Egileen artean daude Jon Garaño, Gregorio Muro, Maialen Sarasua, Joseba Uberuaga, Paul Urkijo, David Zabala eta Xoxe Díaz.
Laudion eta Arespalditzan ikusteko aukera
Basalarrina (Laudio), Belaiki (Baranbio) eta Hogeitalau (Aiara) elkarteen eskutik ondorengo emanaldiak antolatu dira: Martxoaren 23an Aiarako udaletxean (Arespalditza) 19:30ean, bata; eta martxoaren 27an, asteartean, Basalarrina elkartearen egoitzan (Laudio) 19:30etik aurrera, bestea. Sarrera doakoa izango da.
“Aberria” dokumentala
Eta horrez gain, 60.hamarkadan Franco garaian Gotzon Elortzak 16mm-tan grabatutako “Aberria” dokumental interesgarria ikusteko aukera izango dute ikusleek.
Fikziozko lau lanek, animaziozko bik, dokumental eta bideoklip banak osatuko dute emanaldia.