Inauteriak iristear dira. Gaur zortzi aiaraldeko kale gehienak herriz herri mozorroz jantziko dira, eta bizilagun askok eta askok, dibertitzeko eta sarritan esan edo egin ezin diren horietan murgiltzeko aukera aprobetxatuko du. Txisteak egiteko, munduko beste kulturez janzteko, objektu bilakatzeko, edota izaki mitologikoen azalean sentitzeko.
Azoka eta mozorro festak
Otsailaren 17tik 21era bitartean eskualdeko hainbat herritan egitaraua prest da. Ostiraletik igandera esaterako, ertaroko azoka antolatu dute Amurrion. Okondon aldiz, ostiralean izango da haurrei zuzendutako mozorro leihaketa eta 'disko-txiki'a udal pilotalekuan.
Hala ere, desfile eta txapelketa gehienak otsailaren 18an izango dira, arratsaldez. Egunean zehar girotze lanak izango dira Laudion. 13:30etatik aurrera hitzordua egina dute Jaiak Koordinakundearekin bat egingo dutenek. Kalejiraren ostean, nobedade gisa aurten lehenengoz egingo dute herri bazkaria elizpean. Tiketak 5 eurotan eskuratu ahal izango dira. Desfilea ostera, 18:30ean abiatuko da Lezeagako aldapatik animaziorako talde batzuk tarteko: fi ta fik, Gaitzerdi teatroa, Kunkun Batukada, eta Gesaltza txaranga, besteak beste.
Amurrion 19:00etako lehiaketaren ostean disko festa izango dute, eta sari banaketa 21:30erako utziko dute.
Inauterietako asteartean, haurrak eta txokolatea
Haurrak, ikuskizunak, tailerrak eta txokolatada dira Aiara, Okondo, Laudio zein Amurrioko eskaintzak. Arespalditzan astelehenez izango da haurrentzako tailerra ludotekan. Luiaondon aldiz, astearte arratsaldean. Bietan ere puzgarrietan salto egiteko aukera izango dute txikienek.
Amaiera bereziak, errez
Amurrion Judas kakarroaren erreketarekin emango diote agurra inauteriari, eta Laudion berriz, Lezeagako Sorgina erretzearekin batera izango da agurra. Biak ere arratsaldeko 18:30etik aurrera. Laudion, Gaitzerdi Teatroak propio prestatutako ikuskizun " berritzaile eta ikusgarria" izango da amaiera ekitaldian.