XII.mendera salto eginez, filmak Nafarroara eramango gaitu ihesi. Orreagako lurretan historia eta istorioa nahasturik biziko dira bi ordu eskasean une hunkigarriak, gogorrak, eta beren gordintasunean ederrak. Juanjo Elordi eta Asisko Urmenetak zerikusi handia dute honetan "ikuslea hunkitu" nahi dutela adierazi baitute hainbat hedabideetan.
Gartxoten narrazioa
Gartxoten narrazioak XII. mendeko bardo baten bizitza kontatzen digu: Bardo deitzen zaio herriaren oroimena eta kultura gordetzen duen kantariari. Eta horixe da Orreagako abade berriak nahi ez duena. Hargatik, Gartxot, bertako bardoa, deserriratu eta Mikelot, haren semea bahituko du latinez kantatuko duen fraide bihurtzeko. Baina Mikelotek ihes egingo du eta berriro hasiko da kantuan aitarekin, herriz herri. Elizak desafiotzat hartuko du kantaldi bakoitza eta soldaduak aita-semeen ehizan arituko dira, harik eta inguratu eta irtenbide bakarra utzi arte: tragedia. XII. mendean gaude, eta hasi da konkista aurreko konkista.
Arturo Campionek 1917an idatzi zuen “Gartxot, Itzaltzuko bardoa”. Horretarako Zaraitzuko kondaira ilun eta nahasi batez baliatu zen baina intentzio guztiarekin Nafarroako historian funtsezkoa izango den toki eta garai batean kokatuko zuen: XII. mendeko Orreagan. Gartxot euskararen aldeko garrasi bat ere bada, baina orobat, Nafarroako konkista eta akulturizazio prozesuak nola eta zeinen eskutik gauzatu ziren erakusten digu.
Musikaren zirrarak
Musikak garrantzi handia du filmean, eta ez bakarrik bardo baten bizitza kontatzen duelako. Benito Lertxundik bere diskografiatik aukeratu eta birnahasturiko doinuak eskaintzen ditu filmeak. Horrez gainera, bai berak eta bai Olatz Zugastik ahotsa jarri diote pertsonaia banari. Musikaren egokitzapena Aitor Furundarena irakasle eta konpositorearen ardura izan da, hainbat musikoren laguntzaz Erdi-Aroko herri musikaren naturaltasun eta gordintasuna islatzeko helburuarekin.