Eskubide guztien jabe eginez, euskal preso politiko guztiak Euskal Herrira ekartzeko eskatu du Laudiotik Egin Dezagun Bidea herri plataformak.
Gabon egunean zabaldutako ohar baten bidez, "une historikoa" bizi dugula azpimarratu nahi izan dute, eta era berean, Gernikako Akordioan aipatutako hainbat eskaera ekarri dituzte gogora. “ Preso guztiak Euskal Herrira ekartzea, gaixotasun larriak dituzten presoak aske uztea, epaituak izateko zain dauden preso prebentiboei behin-behineko askatasuna ematea, legeak ezarritakoak beteak dituzten zigortutako preso guztiei baldintzapeko askatasuna ematea, legeak jasotzen dituen espetxe-onurak aplikatzea, eta azkenik, zigorra betetzeko muga berrogei urtetan ezartzen duen legedia indargabetzea”.
Herriko preso politikoen egoera salatu dute
Jose Angel Biguri preso aiararrak gaixotasun larria "pairatzen" duela salatu dute ohar berean. "Duela aste batzuk Donostiako ospitalean ebakuntza egin diote, eta une honetan Martutenen daukate preso. Bigurik 22 urte daramatza dispertsioaren ondorioz bere etxetik 600 km baino gehiagora preso", diote plataformako kideek. Zigorra betea zuen arren, 197/2006 doktrina aplikatu ostean kartzelan jarraitzen du Menagaraiko bizilagunak.
Biguriren egoeraz gain, preso laudioarren egoeraren berri eman dute Laudiotik Egin Dezagun Bideako kideek:
- Julen Fernandez Valladoliden espetxeratua 275 km.tara, 22 urtez preso. 2011n irten behar zuenean urte guzti hauetan pilaturiko erredentzio guztiak kendu dizkiote eta 2015erarte luzatu diote bidegabeki zigorra. Zigorraren 3/4ak aspaldi beteak.
- Manu Gonzalez Sevillan espetxeratua 910 km.tara eta 22 urtez preso. Zigorraren 3/4ak aspaldi beteak.
- Aitor Kortazar Clairveauxen espetxeratua 1100 km.tara eta 8 urtez preso.
- Patxo Murga Leonen espetxeratua 297 km.tara eta 4 urtez preso. 70 urte bete berri ditu eta kalean egon beharko luke legearen arabera.
- Isidro Murga Leonen espetxeratua 297 km.tara eta 4 urtez preso.
- Pablo Gorostiaga Herrera de la Manchan espetxeratua 566 km.tara. Honek ere 70 urte bete berri ditu eta legearen arabera kalean egon beharko luke.
- Alaitz Aramendi Fresnes Cedexen dago espetxeratua, etxetik 919 km.tara. 4 urte darama preso oraindik epaiketarik egin ez diotenean. Kanpoan behar luke.
Datozen egunetarako deialdietan parte hartzera animatu dituzte aiararrak
Abenduaren 31 goizean Martutenera abiatuko den martxan parte hartzeko gonbidapena luzatu dute lehenik. "Horretarako, autobusa antolatu dute eskualdetik Donostirainoko bidea erosoago egiteko", izena emateko aukera izango da ohiko lekuetan. Egun berean arratsaldeko 19:30ean Preso politiko guztien aldeko brindisa egingo da herriko plazan , eta urtarrilaren 7an, Bilboko "Kolosala izango da" manifestazio nazionalean parta hartzera animatu dute plataformakoek.