Aiaraldeko euskalgintzak urteak daramatza eskualde honetako herri, auzo eta hiriak euskalduntzeko lanean jo eta ke. Belaunaldiz belaunaldi, behin euskaradunak izan ziren lurrak eta kulturak landuz eta onduz aritu dira ehunka herritar. Horren adibide dira Hogeitalau Elkartea, Belaiki, Aspaltza, Ohiturak, Basalarrina, Berbaz… euskara elkarteak, eta beste hainbeste kultur elkarte. Euren eguneroko lanaz gozatu dugu euskara. Gozotu ditugu hainbat ordu gure aisialdian. Bertsoaren transmisioa, euskal musika tresnen ikaskuntza, dantzak, kantuak, antzerkiak, diaporamak, hitzaldiak, euskara ikasteko klaseak, poteoak, bazkari zein afariak… guzti guztiak euskaraz. Guzti guztiak euskaraz bizi daitekeenaren adierazle. Guzti guztiak, aiaraldeko lurrak ere euskaldunduko ditugunaren seinale. Zorionak.
Gaurko egunez, euskarak badu oihartzun berezi bat nazioartean. Euskal Herrian ez ezik, munduko hainbat txokotan barraiaturik dauden euskaldunek ere Euskararen Eguna antolatzen dute aste honetan. Denok biltzen gara euskararen bueltan. Denok biltzen gaitu euskarak. Gauza ederra da hori. Eta, noiz murgilduko dugu gure eguneroko bizitzan euskara?
Euskararen normalizaziorako bide berriak irekitzeko garaia heldu da. Orain bi urte martxan jarri genuen bide horretan euskara hutsezko komunikazio leihoak irekitzeko makinaria. Aiaraldea Komunikazio Leihoa sortu genuen orduan. Aiaraldeko herritarrek egina, aiaraldeko haur, gazte zein helduentzako.
Hizkuntza batek oinarrizko funtzio bat du: komunikazioa. Eta horretarako, aktualitatean eta errealitatean ematen diren egoera ezberdinak euskaraz pilatzen ditu aiaraldea.comek. Ataria eta proiektua gorpuztuz doa. Euskararen normalizazioan herritar ugari batu da zeregin honetara, eskualde hau bizi-bizi dagoenaren erakusle. Langile finak eta profesionalak ditugu inguruan, eta urratsez urrats, norbere konpromiso banakoak eta kolektiboak motxilan sarturik gailurrari so gaude orain.
Aiaraldea.com: 2 km
Lehen kilometroa atzean utzi genuen. Orain bigarrenaren bila goaz. Euskararen Nazioarteko Egunean berretsi nahi dugu gure hizkuntzaren normalkuntzan buru belarri aritzeko konpromisoa. Ilusioz eta indarrez beteta apustu berriak ditugu eskuartean. Gure garaia iritsi da. Konpromiso berriak hartzeko garaia.
Bazatoz?