"Euskal Herriaren independentziak duen babes zabala erakutsi nahi dugu Aiaraldean"

Beste hainbat gazterekin batera Karra (Urduña, 1989) larunbatean Urduñan ospatuko den Aiarako Independentzia eguna antolatzen aritu da.

Independentzia eguna antolatu duzue. Zer dela eta?

Beste hainbat gazterekin batera Karra (Urduña, 1989) larunbatean Urduñan ospatuko den Aiarako Independentzia eguna antolatzen aritu da.

Independentzia eguna antolatu duzue. Zer dela eta?

 Gure eskualdean, Aiaraldean, Euskal Herriaren independentziak duen babes zabala erakutsi nahi dugu. Euskal Herria, egunez egun, urtez urte eta hamarkadaz hamarkada, zapaldua eta ukatua izan den nazioa dugu. Gure nazioa, alegia. Estatu espainiarraren zein frantsesaren politikek gure herri gisako eskubideen deuseztapena ekarri dute etengabean. Franco diktadorearen garaietatik gaur egunera arte, ezer gutxi aldatu da estatu espainiarrak herri honekiko izaniko jarrera: Euskal herritarrak atxilotu, torturatu eta espetxeratu dituzte; alderdi politiko eta sozial abertzaleak ilegalizatu eta terrorista izendatu dituzte... Estatu bien helburua argia izan da: Gure herria sumiso bihurtu eta asimilatuaraztea. Baina ez dute lortu eta orain inoiz baino ozenago, Euskal herritarrok independentziaren aldarria egiteko garaia dugu, utzi diezagutela behingoz, gure herriarekin zerikusia duten erabakiak hartzen! Testuinguru horretan kokatzen da datorren larunbatean ospatuko dugun “Independentzia Eguna” eta aiarako gazte zein heldu denei helarazi nahi diegu gure gonbita, independentzia lortzea gu denon esku baitago!

 

Zerekin egingo du topo larunbatean Urduñara hurbiltzen denak?

 Egitarau oparoa prestatu dugu larunbaterako:Alde batetik, egun osoko jaialdi erreibindikatiboa premiazkoa ikusten genuen, indarrak bildu eta aldarri ozena egiteko. Hala, goizeko 11.00etatik hasita, gai ezberdinak jorratuko dituzten mahai inguruei emango diegu tartea zeinetan Hezkuntza, Ekologismoa, Lana edota Aisialdia izango ditugun mintzagai. 13.00etan ordea, Harrera ekitaldia izango da eta honen ostean, 13.30etan alegia, poteo independentistari emango zaio hasiera, Kuk Kun batukada laudioarrarekin batera animoak goratu eta festa giroan gozatzeko. 14.30etan herri bazkariari emango diogu paso. Herriko plazan izango da eta tikeak aurrez erosi daitezke Urduñako Mugalde tabernan, Amurrioko Txokogorrin edota Laudioko Ilargin. Gainera, bazkariarekin batera egunerako prestatu dugun kamiseta oparituko dugu.

Bazkalostean, bertso – hop emanaldia izango dugu ikus-entzuleon gozamenerako eta honen atzetik, 18.00etan beraz, “Independentziaren bila” jokoarekin herri osora zabalduko dugu aldarria.

20.00etan Manifestazio batek Urduñako kaleak zeharkatuko ditu “Gazte jaiki, independentzia eraiki” lelopean eta ondoren, Ekitaldia eta Argazki Herrikoia egingo ditugu. 21.00etan eta Mugalde Kultur Elkartearen laguntzaz, Parrillada goxoa dugu barrenak asetzekoeta azkenik, 22.00etatik hasita Kontzertuak; Apurtu Arte, Iheskide eta Honat erromeria.

Festa eta borroka uztartzeko toki aproposa izango da Urduña datorren larunbatean, beraz, anima zaitezte gazteak, kaleak independentziaz bustiko ditugu ta!

 

"Gazte jaiki independentzia eraiki!" lema erabili duzue. Aiaraldeko gazteria lo al dago?

 Azken aldian behintzat baietz esango nuke. Izan ere, estatu espainiarrak makinaria oso bat dauka martxan jarrita gazteria bere zilborrari so bizi dadin, sumiso bilakatu eta pasibotasunean erortzeko. Esan bezala, estatuen helburua izan da Euskal Herria asimilatzea eta bide horretan, gazteriak paper handia betetzen du, etorkizunaren giltza gure esku baitago. Halere, dena ez da zuria ala beltza eta egunerokoan sistema hau iraultzeko alternatibak sortzen gazte andana dago, gazteria kritiko eta konprometitua. Aiara euskalduna sortzeko, egungo hezkuntza sistema iraultzeko, lana gazteontzat prekarietatearen sinbolo izatea ekiditeko...Antza estatu espainolaren estrategia ez da hain perfektua. Gazte borrokak ez du etenik!

 

Zer esnatu nahi duzue larunbateko jaialdiaren bitartez?

 Gazteriari lan egiteko gogoak piztu nahi dizkiegu. Norberak bere borroka hautatu, baina guztiok herri hau eraikitzeko harria jarri behar dugu. Guztiak gara garrantzitsu independentzia eta nazio eraikuntza bezalako dema politiko eta sozialetan. Estatuen arteko talka azaleratu behar dugu eta herri honen erabakitze eskubidea berreskuratu.

Nafarroako Erreinua independientea izan zen bezala, Euskal Herria independientea izango da. Izan ziren bezala, gaur gara eta bihar izango dira!

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide