Zazpigarren urtez, eskolaz kanpoko eskaintza erakargarria osatu du Goikogane Mendi Taldeak, herriko gazteekin batera mendizaletasuna pizteko asmoarekin. 8 eta 16 urte bitarteko gaztetxoak Arabako Foru Aldundiaren laguntzaz joango dira Eskola Kirola egitarauari esker.
Ekimen honen helburuen artean, mendia eta ingurunearen oinarrizko ezagutza bultzatzea dago. Araba eta Euskal Herriko hainbat zonalde ezagutzeaz gain, jarduera sorta honekin batera, euskaraz mintzatzeko apustua dute mahai gainean gazte laudiarrek. Natura maitatu, sentitu eta errespetzea, mendizaletasuna modu egokian eta osasuntsuan sustatzea, edota eskaladara hurbiltzeko lehen urratsak ikastea presente izango dute ikasturtean zehar.
Izena emateko aukera
Araba kaleko bigarren zenbakian, Goikogane Mendi Taldearen egoitzan hain zuzen, izena emateko aukera bada oraindik. Egitarau zehatza ere aurkeztu dute antolatzaileek, eta tartean, aiaraldeko Goikogane, Solaiera eta Bedarbide daude. Azaroan Besaide ezagutzeko parada izango da eta jarraian, Zanburu, Ogoño- Atxurkulu- Elantxobe, Garaio- Balzola, Peñas negras eta Ganeran... eta beste horrenbeste bisitatuko dituzte ibilian ibilian.
Hilabetero larunbat bat izango da horretarako eguna.
Eskalatzeko bi ikastaro
Eskalatzeko hastapeneko ikastaroa 11 urtez gorakoentzat izango da maiatzaren 12an. Jada kirol hau ezagutzen dutenentzako hobekuntzarako ikastaroa ordea, martxotik maiatzera bitartean izango da. Horrez gain, maiatzaren 26 eta 27rako mendiko aterpetxeetan entrenatuko dute, orientazio praktikak egiteko aukera aprobetxatuz.
Informazio gehiago nahi izatekotan, Goikogane Mendi Taldearen webgunera jo dezakezue.