Egun gutxi falta dira Aiaraldeko Bertso Eskolak lanean hasteko. Laudio eta Amurrion behintzat, horrerako aukera izango du nahi duenak. Iazko taldeek asteroko hitzorduak mantenduko dituzte, eta horrez gain, talde berriak sortzeko irrikitan daude Arabako Bertsozaleen Elkarteko kideak. Amurrion bat batean kantatzera animatzen den gazte talde bat dago, baita helduen talde bat ere. Maiztasuna eta ordutegiak taldean erabakitzen dira gehiengoaren arabera antolatuz.
Laudion sortzeko saiakera
Laudion bertsotan aritzeko gogoa duenak, badu helduen talde bat horretarako. Dena den, hasiberrientzako deialdia ere luzatu dute Aiebe Aiaraldeko Bertsozaleen Elkartetik, "bertsolaritzaren transmisioan gero eta lan handiagoa egiten da, zaletasuna piztu eta bertsoez gozatzeko aukera eman nahi diogu gurera animatzen den edonori", adierazi du elkarteko kide batek.
Hori dela eta, irailaren 30erako deialdia luzatu dute kartel honen bidez, "ea lagun talde bat baino gehiago animatzen den aisialdia umorez eta jai giroaz betetzen". Arratsaldeko 6etan izango da bilera, Kultur Etxean. Izena emateko adin taldeak ere zehaztu dituzte: 10-14 urte bitartekoen taldea, eta 16 urtetik gorakoentzako bestea. "Tartean geratzen denari ere, lekua topatzeko prest" azaldu dira antolatzaileak.