Zigoitiako saioaren ondotik, larunbatean Aramaion eta atzo Agurainen ospatu ziren Arabako bertsolari txapelketako finalerdiak. Aramaion Izar Mendiguren laudioarra aritu zen kantari. Ale politak utzi bazituen ere ez zuen egunik onena izan, bakarkako lanean poto batek egin zion ihes. Harekin abestu zuten Asier Otamendik (346,5 puntu.), Iñaki Viñasprek (332p.), Xabi Igoak (318,5p.), Ekaitz Samaniegok (311p.) eta Rikardo Gonzalez de Duranak (288p.). Mendigurenek Samaniegorekin puntuz berdinduta laugarren postua lortu zuen. Saioa azkarra, tarteka umoretsua eta jendetsua izan zen.
Aguraineko finalerdian erabaki zen finaleko seikotea nortzuk osatuko duten. Zigor Enbeita (319p.), Ander Solozabal (318,5p.), Ruben Sanchez (313p.), Alberto Martinez Beitto (309,5p), Juan Mari Juaristi (309p.) eta Unai Mendibil larrinbearra (303p.) egon ziren bertsotan. Mendibilek saioa urduri hasi bazuen ere saioari eutsi zion.
Finaleko sarrerak Amurrion eta Laudion salgai
Apirilaren 2an izango da Gasteizeko Printzipal Antzokian arabako bertsolari txapelketako finala, 17:30ean. Manex Agirre, Asier Otamendi eta Zigor Enbeita finalerdietako irabazleekin batera lortutako puntuengatik Oihane Perea, Iñaki Viñaspre eta Ander Solozabalek kantatuko dute. Sarrerak www.bertsosarrerak.eu webgunean edo Amurrioko Txokogorri eta Laudioko Ilargi tabernan egongo dira salgai, 10 eurotan.