Jon Pagazaurtundua orozkotar gaztea 19 urte zituela hil zen 73ko azaroaren 28ko gauean, esku artean zuen bonbak auto barruan eztanda egin zuenean. Berarekin batera hil zen Joxe Etxeberria 'Beltza' ere. Gertakizun beltz horiek gogoratu asmoz, aurten ere Pagaza bizilagunaren omenezko mendi martxa eta ekitaldia antolatu dute Laudioarrek eta Orozkotarrek.
Goizeko 8etarako Laudioko plazatik abiatu dira dozena bat lagun, eta hotza zein elurrari aurre eginez, Santa Marinako gaina igo dute goiz erdirako. Salda, hirugiharra, txorizoa...eta hamaiketakoa suaren ondoan egiteko parada izan dute martxistek. Eguerdiko ordu baterako Orozkoko plazan zeuden jada. Martxistekin batera, ekitaldira hurbildutako 50 bat lagun bildu dira bertan.
Ekitaldian gogoan izan dituzte besteak beste, Santi Brouard, Joseba Muguruza eta Mikel Zabalza ere. Azken hau, Orbaitzetako gizona, "Estatu terrorismo gordinenak atxilotu eta hil arte torturatua izan zen, argitu gabeko estatu- krimenen artean". Atzo bertan Iruñean aurkeztutako Gernikako Akordioa ere aipatu nahi izan dute gaurko omenaldian, "hor dago gure azken erronka, Gernikako Akordioan oinarriturik, indarrak batu eta aurrera egiteko, Euskal Herria dugu irabazteko eta".
Laburra eta oparoa
Gaztea izan arren, Jon Pagazaurtunduak bizi esperientzia ugaria izan zuela diote ezagutzen zutenek. Apaizgai ohia, euskara hobetzeko hasi zen Ondarroako itsasontzi batean lanean, eta Enpresa Zientzietako ikastaro bat egin zuen Parisen. Hil zenean, Deustuko Unibertsitatean matrikulatuta zegoen eta arkitekto bulego batean lan egiten zuen Bilbon. Hilabete batzuk lehenago atxilotu zuten eta Langraizko espetxean sartu zuten epaitua izan arte.
Bizitzako lehen urteak Laudion egin zituen arreba gazteagoarekin batera. Amak gogoratzen duenez "haur zintzo eta isila zen. Bost urterekin osaba Patxikoren baserrira bizitzera joan nahi zuen, eta etxean aurkitutako txapelik handiena janzten zuen beti". Oroitzen dutenez, errespetua eta begirune handia zion jendeari.