Urtero bezala, aurten ere iritsi da extramadurarrak eta, oro har, laudioarrak batzeko asteburua. Bihartik igandera bitarte, egitarau betea izango da lehen horien eskutik.
Jolasak, dantza, antzerkia eta kantua
Bihar, esaterako, argazkilaritza, margoketa eta olerki lehiaketa izango dira arratsaldeko 6etatik aurrera. Parte-hartzaileentzako zer jana ere izango da bukatutakoan.
Ostiralean, aldiz, haurrentzako jolasak eta buru handiak izango dira 17:30ean. Bi orduren ostean, 'Nostalgia' izeneko antzezkizuna izango da Lanbide Heziketa Eskolan. Lana El Desván taldearena da eta antzerkiaz gain, dantza eta olerkiak uztartzen ditu ikuskizunean. Bertan, beste lurralde batetik datorren etorkinaren sentipenak eta herrimina azaltzen dira oinarrian. Gaueko 21:45ean Mariano Mangas eta Tamara Escuderok kantaldia eskainiko dute, eta jaialdiaren gaueko segida, musika dantzagarriarekin emango zaio.
Larunbateko mezan Extremadura Etxeko Abesbatza izango da kantuan. Bazkalaurretik luntxa egongo da eta arratsaldeko bostetarako futbito txapelketa jokatuko da. 19:30ean Barakaldoko Zambra Abesbatzaren ekitaldia izango da, baina jaia ez da orduan bukatuko, izan ere Pensilvania Orkestrak gaueko gautxoriekin jarraituko du gorputzak astintzen.
Igande gastronomikoa, azken txanpa
Untxia, gazpatxoa eta tortila nonahi izango da lehiaketa gastronomikoan. Kamaraka kalean goizeko 9etan hasiko dira suak piztu eta ontziak berotzen. Aldi berean, herri kirolen lehiaketa eta erakustaldia egingo dute gune berean. Goizeko 10etan izena eman beharko du edozein txokotan lehiatu nahi duenak. Eguerdiko 13:00etan prestatutako janak eraman beharko dira epaimahaiaren aurrera.
Arratsalderako tutea eta igel-jokoa protagonista. Iluntzeko 7etan sari banaketarekin eta txokolatadarekin datorren urtera arte agurtuko ditugu Guadalupeko Amaren omenezko jaiak.