Laudioko irristaketa klubak lehen urteurrena bete du, eta hori dela eta, uztailaren 29an Skate erakustaldia egin zuten Udalaren bitartez Lamuza Parkera etorritako maila handiko patinatzaileekin batera. Aiaraldea.com-ek osaturiko bideo eta elkarrizketan ikusi eta entzun daitekeenez, skate munduan ibili nahi dutenentzat bildu eta antolatzeko aukera ematen du Laudiersek. Skate pistak behar bezala zaindu eta mantendu asmoz, behar diren urrats guztiak emateko prest daude. Euren gustuko kirola praktikatzeko behar diren eremuak zabaltzera bidean jarri dira.
Abuztuaren 21ean, elurra
Abuztuan aiararrok ere eguzkia eta beroaren zain izaten gara, eta beroaren bila joaten gara askotan. Lamuza Parkean ordea, bero ala hotz izan, elurra izango da protagonista. Elur gainean irristatu eta snow kirolari heltzeko aukera izango du bertaratzen denak. Arratsaldeko lehen orduan elurtuko da parkeko malda bat, eta bestalde, skate pista ere gurpilez beteko da nahi duenarentzat: bizikletak, patineteak, patinak...
Egun osoko irristaketa
Goizeko 10:30etik 12:00ak bitartean izena emateko aukera izango da Laudioko parkean. 12:00etatik aurrera skate txapelketari hasiera emango zaio eta 14:00etan bazkaria izango da.
Skate Txapelketaren finala 19:00etan hasiko da. Ordu eta erdiko jardunaren ostean, sari banaketarekin amaiera emango diote Laudiersen egun borobilari.
Laudiers.tk orrialdean informazio gehiago lor dezakezue.