Jaiak Koordinakundearen oharra:
" Herriko hogeitik gora jai-talde eta talde kulturalek osatzen duten Jaiak Koordinakundea iaztik aritu da 2010eko jaiak prestatzeko lanetan. Ilusio eta ahalegin handiz egindako urtebeteko lana izan da, eta laster emaitzak ikusiko ditugu, abuztuaren 15a gainean baitaukagu.
Jai herrikoi eta parte-hartzaileak lortzeko Jaiak Koordinakundeak egiten duen lana aski ezaguna da. Jarraian aurkezten dizuegun egitaraua bide horretan emandako beste aurrera pauso bat da, eta prestatu diren ekitaldi guztiek kaleko giroa eta denon parte-hartzea bultzatzea dute helburu.
Aurten, berrogeitik gora izango dira Jaiak Koordinakundea osatzen dugun taldeok prestatu ditugun ekitaldiak, jaietako aurrekontu orokorraren zati oso txiki batekin antolatutakoak.
Programari hasiera emateko bi nobedade ditugu: 15, 16 eta 17an egingo den argazki lehiaketa eta txupinazoaren aurretik indarrak hartzeko gosari herrikoia. Nobedadeen zerrenda, ordea, luzeagoa da: haurrentzako jolasak 17an, Made in Laudio ikuskizun berezia eta Jaiak Koordinakundearen parte-hartzea txosnagunean. Urteroko ekitaldiak ere ez dira faltako: txupinazoaren aurreko kalejira (urte honetarako prestatu diren jai-taldeen pankartak ikusteko lehen aukera), twister txapelketa eta bokatada, karaokea, Berakatz eguna, koadrilen bazkaria, 3x3 saskibaloi txapelketa, baserritar eguneko bazkaria, giza futbolina, jai-taldeen arteko herri kirolak, galtzontzilo eta kulero lasterketa, txosnetako kontzertuak, pankarten lehiaketa, txakurra erretzeko kalejira eta egunero egiten diren gainerako kalejirak. Ekitaldi guztiak eskuko programa batean jaso ditugu, eta jaietan zehar programa horren mila ale banatuko ditugu.
Jaiak Koordinakundeak jaietan murgiltzeko deia egin nahi die laudiar guztiei, kalera irten eta ekitaldi guztietan parte hartzera animatu nahi ditugu, jai herrikoi eta parte-hartzaileak lortzeko bidea baita hori.
Txupinazo garbi eta herrikoia
Beste urte batez, Jaiak Koordinakundeak txupinazo garbi eta herrikoi baten aldeko deia zabaldu nahi du. Iaz bezala, “Gure txupinazoa zaindu behar dugu” kanpaina errepikatuko dugu txupinazoaren aurreko egunetan, eta 15ean bertan, irina edo arrautzak eduki ditzaketenei konfetia banatuko diegu trukean.
Bestalde, gure poza agertu nahi dugu Udalak iaz egindako promesa mantendu eta udaletxeko balkoitik manparak kenduko dituelako. Halaber, txupinazoa jaurtiko duen pertsonak gure aldarrikapenarekin bat egin izana ere txalotzekoa iruditzen zaigu. Gure iritziz horiek dira jaietako lehenengo ekitaldiaren magia berreskuratzeko eman behar diren urratsak. Eta horiekin batera, pregoilaria balkoira bakarrik irten eta bertan gaudenoi hitz batzuk zuzentzea ere urrats garrantzitsua litzateke. Aurten horrela izatea espero dugu.
Azkenik, iazko txupinazoan polizien presentzia gehiegizkoak eskaini zuen ikuskizun desatsegina berriro ez errepikatzea espero dugu. Jendearen segurtasunari eta jai-giroari batere mesede egiten ez dion gertaera da.
Edalontzi berrerabilgarriak
Iaz bezala, Jaiak Koordinakundeak edalontzi berrerabilgarriak banatuko ditu. Ekimen horrekin, jaietan sortutako zaborrak ingurumenean daukan eragina arindu nahi dugu. Izan ere, zabor horren zati handi bat erabili eta botatzen diren plastikozko edalontziek sortzen dute. Jai-taldeek banatuko dituzte edalontzi berrerabilgarriak eta txosnagunean ere eskuratu ahal izango dira, euro baten truke.
Jaiez gozatzeko unea iritsi da, herri bazkarietan jan eta jaten emateko unea, kalejiran saltoka ibiltzeko unea, erromerian dantzatzeko unea, kalean jolasteko unea, denok egindako eta denontzako jaiak aldarrikatzeko unea… azken batean, jaietan parte hartzeko unea.
Gora Laudioko Jaiak!
JAIAK KOORDINAKUNDEA "