Duela 20 urte, Pili Arzuagaren alaba eta Fontso Isasiren laguna, Maribi Ramila bisitatzera zihoazen Ourenseko gartzelara. 700 kilometroko bidaia egiteak suposatzen duen arriskuarekin. Eta Estatu espainiarrak abiatutako dispertsioaren ondorioz auto istripuan hil ziren bi lagunak. Maribiren ama eta laguna. Euskal Herrian dispertsioak eragindako lehen hildakoak izan ziren. Gogoratu zutenez, "une latzak bizi izan zituzten, eta 20 urte beranduago, min horrek, arrisku horrek, mehatxu horrek bizirik dirau asteburuz asteburu".
"Gaur egun ere presente dagoen mehatxua da dispertsioa", salatu zuten ekitaldian parte hartu zutenek. 17o lagunen inguruan, plaza aldarrikapenez bete zuten larunbat arratsean. Laudioko preso politikoak gogoan izan bazituzten ere, senide eta lagunek pairatzen duten egoera "intimidagarria" ere salatu zuten. Preso baten ama izatearen sentipen eta ondorio latzak ere aipatu zituzten, "beti esperoan eta urduri, zain dagoen amarena" hain zuzen.
Ekitaldia bukatzeko, zerura igorri zituzten bi laudiarren irudiak globoetatik zintzilik. Jarraian, Lamuza Parkera hurbildu eta oroigarria hiltzatu zen euren izenekin batera. Dantzariaren agurrak, Gaztetxeko luntxari eman zion bidea.
Eguna gogoratuz, keramika eta ikusentzunezkoa
Eguerdiko 12etan hasi zen Euskal Presoak Euskal herriratzeko eskatzen zuen enkartelada. Bi orduz luzatu zen aldarrikapena eta ehundik gora lagun batu ziren ekimenera. Bienbitartean, plaza keramika tailerraz girotu zen. Laudioko preso politikoek eta senideek bizi duten dispertsioaren ondoriozko datu eta zenbakiak bildu zituzten panel handi batzuetan. Herriko plazan ere, graffitirako tartea egon zen.
Hala ere, oroitzapenak berritzeko aukera aparta izan zen erakusketarena. Memorian gordetzeko asmoz, Fontsok berak eginiko keramika lanak, eta Pili eta Fontsoren argazki erakusketa ere prestatu zuten haien lagunek. Erakusketa hiru egun lehenagotik jendartera zabaldu zuten, eta bestalde, dispertsioaren inguruko bideo-erreportaia ikusgai izan zen erakusketaren baitan. Hiru egunetan zehar laudioko senide, lagun eta preso ohien bizipen eta esperientziak zuzenean entzun eta ikusteko aukera izan da Udaletxeko mintza aretoan.