Aiaraldea Gasteizekin lotzeko Diputazioak daukan borondate falta salatu du Aralarrek. Prentsa ohar batean adierazi du etengabea dela Aiarako bailara hiriburuarekin lotzeko garraio publikoaren eskaintzan eta prezioetan gertatzen ari den atzerakada, eta horrek, herrialdeak bere barne antolaketan daukan defizita areagotzen duela. Diputazioaren jarrera gogor kritikatu du "Prezio herrikoiak ezartzeko eta horiek kontrolatzeko erantzukizuna dauka Diputazioak, era horretara honelakoa bezalako eskandaluak ez gertatzea saihestekoa". Gaineratu duenez, bizi dugun egoera ekonomikoarekin, zerbitzu publikoen salneurriak handitzeak gutxien dutenei baino ez die kalte egiten, zerga ez-zuzenak garestitzen dituztelako, "kasu honetan, garraioaren zergak".
Zerbitzu publikoen etengabeko garestitzea ulertezintzat jo du, eta kezka agertu du herrialdeko loturak hobetzeko garraio planik egin ez delako herritarrek gainkostua beren poltsikoetatik ordaindu behar ez dezaten. Nabarmendu duenez herrialderako garraio plana gauzatzea erakundeen politika estrategikoetako bat izan beharko litzateke : "beraien ardura da herrialdea lotuko duen sarea sustatzea eta sortzea, baina herritarren poltsikoei kalterik egin gabe". Horregatik, Aralarrek uste du zerbitzu publikoen prezioak izoztu behar direla eta azpiegitura erraldoietan ordez, honelako gaietan arabako erakundeek ahalegin handiagoa egin beharko luketeela.