Sorgin Zapatuak programaren barruan, beste eskaintza bat da honakoa. Joan den larunbatean HISTORIAURREA arakatzen ibili baziren, datorren larunbatean ERDI AROA izango dute aztergai irteerarekin bat egin duten haur guztiek. 5 eta 12 urte bitarteko umeei zuzendutako programa da hau, eta joan den larunbatean hasitako ARKEOLOGIARA HURBILTZEKO bideak ireki ditu jada.
Halere, arkeologiaren munduak liluratzen duenak, mundu bitxi hau praktikaz ezagutzeko aukera ere izango du laster. Aste bete itxarotea besterik ez du izango, Larruazabalen barrena Urduñara bidaia egin eta indusketa arkeologiko bat ikusteko. Mikel Neira arkologoak gidatuko du ekainaren 19ko saioa, udan bertan zabalduko duen aztarnategian hain zuzen.
Euskara Arlotik jakinarazi dutenez, ibilaldi hauetan parte hartzeko bono batzuk eskuratu beharko dira aldez aurretik. Arrañope tabernan egongo dira salgai. Saioen aurreko astearteak izango dira bonoen jabe egiteko azken epeamuga, eta taldearen kopurua mugatua izango da.
Leziagako sorgin izpiak
Leziagako sorginak izpi euskaldunak zabaldu nahian dakar jarduera programa hau: Sorgin Zapatuak. Umeen aisialdian euskara txertatzeko helburuarekin aurrera daramaten ekimena da pertsonaia ezagun honen izenean. Basalarrina Euskara Elkartea, Kirikiño Aisialdi Taldea eta Laudioko udaleko Euskara Arloaren elkarlanak ekarri digu gogora Leziagako sorginaren izana.