Bidezko Merkataritzaren Nazioarteko Eguna maiatzaren 8an izan dela aitzakia harturik, Arabako Setem Hego Haizea elkarteak azoka antolatu du herrialdeko hainbat tokitan. Medicus Mundi eta Intermon Oxfam elkarteek ere parte hartu dute antolaketan, besteak beste.
“Ospatzeko eguna, jarduteko urtea”
Hala dio kanpaina honetarako aukeratu duten leloak. Bidezko merkataritza bultzatzaileek diotenez, ekoizleak zuzenean merkaturatzeko modua da hau. Honela, ekoizketa prozesua nolakoa izan den jakin dezake erosleak, bidezko merkataritzaren magalean, haurren zein langileen esplotaziorik ez dela egon ziurtatuko du erosleak. Prezioan ere ekoizpen kostuaren zenbateko zuzena ordainduko du bidezko merkataritza baliatzen duenak, erosle zein saltzailearentzako preziorik bidezkoena, neurrikoa hain zuzen.
Oraingoan, eguerdiko 12etatik aurrera herriko plaza bete dute zuzenean ekoitzitako jaki eta elikagai zein arisautza lanekin. Txokolatea eta tea ez dira falta izan, eta Afrika zein Hego Ameriketan ekoitzitako lanek ere euren tokia izan dute. Laudion seigarrenez antolatu dute azoka hau, eta antolatzaileek adierazi dutenez, Gabonetan ere egin ohi dute. Umeentzako tailerrak eta antzerkia izan da “Txanogorritxo jakitun eta gorria” obrarekin. Ondoren batukadarekin eman diote amaiera ekitaldiari.