NAIA LANDALUCE (Orozko, 2000) C.D Altzarrateko jokalaria da. 10 urte daramatza futbolean jokatzen eta Athletic-ek Lezaman entrenamendu teknikoak egitea nahi du.
Zein da jaso duzun albistea?
Oso albiste ona eman didate, Athletic-ekoek asteartero Lezaman entrenatzea nahi dute; entrenamendu teknikoak han egiteko eta horrela haiek ikus dezaten futbolean zer moduz jokatzen dudan.
Horrelako zerbait espero zenuen?
Egia esan ez nuen horrelakorik espero. Izugarrizko sorpresa izan da niretzat eta esperientzia bikaina izango dela argi dut.
Zer sentitu zenuen albistea jakitean?
Poz izugarria! Ez daukat beste hitzik
Nola jarri dira harremanetan zurekin?
Nire entrenatzailearekin jarri ziren harremanetan. Eskutitz antzeko bat eman zioten eta bertan jartzen zuen astero haiekin entrenatzearena.
Asteartero Lezaman entrenatzen hasi zarela da garrantzitsuena. Noiz hasi zinen?
Urtarrilaren 12an hasi nintzen, beraz, duela oso gutxi, baina onena niretzat da bizitzen ari naizen esperientzia eta ezagutzen dudan jendea.
Neska gehiago zaudete han orduan, momentuz zer moduz?
Bai, neska asko gaude eta momentuz dena primeran doa, oso pozik nago.
Zelako entrenamenduak egiten dituzu han?
Entrenamenduak berez oso normalak dira. Baina, Lezaman entrenamenduaren intentsitatea aldatzen da, bertako entrenamenduak oso biziak baitira.
Altzarrate, talde berria dela esan dezakegu, baina zer da Altzarrate zuretzat? Zer sentimendu sortarazten dizkizu?
Bada, azken finean, Altzarrate Futbol Kluba beste edozein klub bat bezalakoa da, baina kideek kluba berezia egiten dute.
Bertan jokatzen dutenak hoberenak dira eta ez nituzke aldatuko. Horregatik sentimendu bikaina sortarazten dit talde honen parte izatea.
C.D Altzarraterekin jokatzen jarraituko duzu?
Ba ez dakit, buruan gauza pilo ditut. Baina hurrengo denboraldiari begira, oraindik ez dakit zer egingo dudan.
Zein postutan jokatzen duzu?
Ez dut postu finkorik, Iñigok -entrenatzaileak- leku askotan jartzen nau. Baina nik gogoko dut aurrelari postuan aritzea.
Noiz eta zergatik hasi zinen futbolean jokatzen?
Gutxi gora behera 10 urte daramatzat futbolean jokatzen, beraz, txikia nintzenean hasi nintzen.
Askotan gertatzen den bezala norbaitek animatzen zaituelako eta nire kasuan nire lehengusina, Irune, izan zen futbolean jokatzera animatu ninduena.
Zergatik futbola?
Baloia hanka artean dudanean sentitzen dudana hitzekin ezin dudalako azaldu. Sentimendu ezin hobea sortzen dit futbolean jokatzeak.
Zugan jarri dute arreta eta horrek zerbait esan nahi du. Zer gustatuko litzaizuke etorkizunean?
Betidanik Athletic Club-ean jokatzea izan da nire ametsa. Ez dakit honek apur bat gertuago jartzen didan edo ez, espero dut baietz, baina momentuz oso pozik nago guztiagatik.
Zerbait gehitu nahi duzu?
Gauza bakarra gehitu nahiko nuke, eskerrik asko nire osaba Iñigori egindako guztiagatik!