Azken bolada honetan Orozkon lapurreten eta iruzurren gorakada dela eta, Udalak Ertzaintzari herriko zaintzak sendotzea eskatu dio. Hori dela eta, indartze-brigada berri bat ezarri dute herrian.
Azaldu dutenez, lapurreta gehienak egunean zehar izan dira, eta biktimak adineko pertsonak dira batez ere. Kalean bertan gertatu dira erasoak eta askotan lapurrek indarkeria erabili dute.
Hargatik, Josu San Pedro alkatea Ertzaintzarekin harremanetan jarri da laguntza eskatzeko. Urduñan ere antzerako arazoak izan dituzte. Horregatik, irailaren 24tik, Ertzaintzaren presentzia areagotu dute bi herrietan, lapurretekin bukatu asmoz.
Orozkoko alkateak, bestalde, pertsona edota auto susmagarririk ikusiz gero Laudioko Ertzaintzaren polizia etxera deitzeko eskatu die herritarrei.
Ertzaintzaren aholkuak
Ertzaintzak aipatutako herrietan presentzia areagotuko duen arren, hainbat aholku zabaldu ditu. Alde batetik, kaletik bakarrik ez joateko. Eta, bestetik, eskatzen ari den ezezagun bati dirurik ez bestelakorik ez emateko.