GARAZI LARRAKOETXEA (Laudio, 1994) Laudioko Atletismo Klubean aritzen den gaztea da. Aurten marka oso onak lortu ditu eta horiek hobetzea espero dut. Horretarako entrenamendu gogorrak egiten ditu Laudion dauden instalazioetan.
Noiz sartu zinen atletismoaren munduan?
Ikastolan, 8 urte inguru genituela, eskolaz kanpoko ekintzen artean agertzen zen atletismoa. Nire klaseko lau lagunek atletismora apuntatzen erabaki genuen, besterik gabe, gustatu egin zitzaigulako. Ordudanik atletismoan ibili naiz.
Zein froga da gehien gustatzen zaizuna?
Gehien gustatzen zaidan froga altuera jauzia da. Txikitan gainontzeko frogak ere egiten nituen, luzera jauzia, pisua etab. Atletismora apuntatzen diren guztien antzera. Hala ere, orain dela pare bat urtetik hona gehienbat altuera jauzia egiten dut.
Krosean zein pistan aritu zara? Zein nahiago duzu?
Bai, aurten krosean parte hartu ez badut ere, aurreko urte guztietan egin dut. Normalean, krosa otsaila edo martxo arte luzatzen da, eta hortik aurrera Aire Libreko Pistan hartzen dut parte. Hala ere, aurten Pista Estalian aritu naiz.
Zein kategorian zaude?
Aurten eta datorren urtean Junior kategorian hartuko dut parte.
Zenbat entrenatzen duzu? Astearen araberakoa da, baina normalean astean 5 edo 6 egunetan entrenatzen dut.
Zein motatako entrenamenduak egiten dituzu?
Denboraldiko txapelketa garrantzitsuen arabera antolatzen dira entrenamenduak. Horrela, nire kasuan, denboraldi hasieran ez dut ia altuera jauzia praktikatzen, baina txapelketak hurbiltzen ari diren heinean garrantzi gehiago ematen zaio teknikari eta denbora gehiago ematen dut salto egiten.
Pista estaliko Euskadiko txapelketa izan da orain dela gutxi. Zer moduz?
Egia esan nahiko pozik nago emaitzarekin. Egindako marka ez da nire denboraldiko hoberena, baina hala ere lehenengo postua lortu dut.
Etorkizunari begira zein da zure helmuga?
Oraingoz Espainiako Pista Estaliko txapelketa dut, berehala ospatuko da eta. Hala ere, denboraldi honetako helburua nire marka pertsonala hobetzea da, iaz ez bainuen hori lortu. Horrez gain, beste helmugetako bat ekainean ospatuko den Aire Libreko Espainiako txapelketa da.