JOSUNE INTXAURRAGA (Orozko,1967), gaur egun Laudioko institutoko irakaslea da Josune. Baina D eredua ikastetxetan ezarri zenean ikaslea zen bera eta ibilbide luzea izan da hau, bai pertsonal mailan zein hezkuntza mailan.
Lehen aldiz Laudioko Institutuan D eredua ezarri zenean, duela 30 urte, zu ikasle belaunaldi horren artean egon zinen. Gainera, ikastetxe hau aurrendari izan zen Araba mailan. Nola bizi zenuten aldaketa hori?
Niretzat aldaketa itzela izan zen, bat-batean klase guztiak gaztelaniaz ematetik gure ama hizkuntzan ematera pasatzea zirraragarria izan zen. Hasieran urduri, beldurtuta geunden, uste baikenuen ez ginela kurtsoa aurrera ateratzeko gai izango, baina ilusio handiz hartu genuen, gu geu "lehenengoak" izango ginelako eta esan behar dut asko lagundu eta animatu gintuztela bai etxekoek eta bai irakasleek.
Benetan jakitun zineten aldaketa horrek zeukan garrantziaz?
Ez dut uste oso konszienteak ginenik horrek zer aldaketa suposatzen zuen gure bizitzan, hezkuntzan; hala ere, seguru nago gure gurasoek eta hau posible egin zuten irakasleek bazekitela zertan zebiltzan eta ez dago zalantzarik, apostu ederra egin zutela.
Laudiotik eta baita kanpokotik etorritako ikasleek parte hartu zenuten esperientzia honetan, zein izan zen zuentzat ekarpenik garrantzitsuena?
Bi ikasleri mota edo, nolabait esatearren, elkartu ginen eratutako taldean. Batetik Laudioko ikastolatik zetozenak, ohituta zeudenak euskaraz ikasten; eta bestetik, inguruko herrietako (Orozko, Zeberio eta Arrigorriaga) ikasle euskaldun zaharrak. Denontzat, nire ustez, bide berri bat ireki ziguten, aukera paregabea eman ziguten gure ikasketak euskaraz egin ahal izatean. Hasieratik ondo konpondu ginen elkarrekin, batak besteari lagunduz, asko ikasi genuen elkarrengandik. Garai hartan talde txikia ginen, 21 ikasle, baina talde trinkoa, sendoa, denok bat eginda geunden. Eta gurea ondo atera zela ikustean, ondorengo urteetan jende asko animatu zen.
30 urte pasa dira eta nolabaiteko normalizazioa eman da euskararen inguruan, gaurko ikasleen jarrera euskararen aurrean asko aldatu da?
Beno, esan behar dut normalizazioa eskolan bai eman dela, baina denok dakigun bezala, oraindik bizitzako esparru guztietara ez da euskararen normalizazioa heldu, zoritxarrez.
Ikasleen jarrerari dagokionez, askok uste dute euskara eskolako zerbait dela eta eremu horretatik kanpo ez duela balio, ez dagoela aukerarik erabiltzeko. Hor euren aldetik pasibotasuna nabaritzen dut, eta hor dago nire ustez arazoa, kalean erabili ezik ez dago normalizaziorik. Ahalegin handia egin behar da, nik uste dut etxekoen lana ezinbestekoa dela, hizkuntza batek duen garrantzia trasmititu egin behar dela.
Urteurrena ospatzeko bazkari bat antolatu duzue, zein da bere helburua?
Proiektu honetan parte hartu duten edo dugun guztiok elkartzea, aspaldiko lagun zaharrak ikustea eta garrantzitsuena, denok ikustea badagoela jende euskaldun asko, ez pentsatzea lau katu garela. Gure indarrak batu behar ditugu euskara erabiltzeko eta ez bakarrik ikasteko.
Beraz, badakizue, denok zaudete gonbidatuta apirilaren 21ean institutuan egingo den bazkarira. Animatu eta erdu!