Otsailaren bian egindako osoko bilkuran udalak alkatetza-dekreturen berri eman zuen. Dekretu honek aurrekontuak luzatzen ditu eta hori dela eta, herrian egin beharreko murrizketaz mintzatu ziren EAJk eta Agurtzane Llano alkateak.
Murrizketa horien artean diru-laguntzen diru kopurua jaistea erabaki dute zenbait kasutan. Hori bera gertatu da Museo Etnografikoarekin eta horregatik bere irekiera eta funtzionamendua arriskuan egon liteke. Izan ere, museo honek hasiera batean 61.000 euroko diru-laguntza jasoko zuen, baina dekretu honen bidez 26.000 eurora jaitsiko litzateke.
Horretaz gain, Arteko Gure Ama herri eskolako zerbitzu psiko-pedagogikorako bideratzen zuen 12.000 euroko partida ere kendu du udalak, ustez, zerbitzu hori Hezkuntza Sailaren bidez eman behar delako. Horrek ezinegona eragin du gurasoengan, ikasturtearen erdian kendu baita. Eskola horri zuzendutako zerbitzuarekin gertatu dena, hau da, laguntzarik gabe geratzea, ez da kasu bakarra. Izan ere, euskara ikasteko, elizako abesbatza, eliz museo, antzinako azoka, Arabako txirrindularitza txapelketa eta abarrei zuzendutako laguntzak kendu baititu udalak. Horrek esan nahi du murrizketa guztiak kultura, kirol eta gazterian eman direla.
Antzinako Azokarako dirua
Urtarrilaren bukaera udalak jakinarazi zuen aurten ez zuela inolako diru-laguntzarik emango Antzinako Azoka egiteko. Horren ondoren, ordea, EAJk atzera egin du eta adierazi du diru-partida bat gordeko duela.