B i urtean behin ospatzen den euskararen aldeko ekimen esanguratsu honek zirrara berezia sortu izan dit haurra nintzenetik. Elkarlan miresgarria da Euskal Herria osoa korrika jarri ahal izatea, eta are miresgarriagoa, maite ditugun horien babes eta maitasuna gurekin sentitzea, euskararengatik lanean. Heltzear dagoela urduritzen hasten gara eta gorputza dantzan sentitu dezakegu. Une hori da ziur aski gutako bakoitzak barruan gordea duen umea Korrikarekin ateratzen duen momentua.
Gogoratzen dut 8 urte inguru nituela, behe aldetik handiegi ikusten genuela guztia gora begiratzean. Eta, hala ere, oihu, aldarri zein aurpegi irribarretsu eta alaiek bihotza betetzen ziguten. Hainbeste maite ditugun preso, iheslari eta errefuxiatuen argazkiak zeruan zintzilik zeudela iruditzen zitzaidan, Korrikarekin mugimenduan egongo balira bezala, aske.
Orduan bezain magikoa iruditzen zaigu gaur egun ere Korrika. Zorionez edizioz edizio, parte hartzaile kopurua haziz doa AEKren lan baliotsuari esker. Lekukoak Euskal Herriko zazpi lurraldeak zeharkatuko ditu eskuz esku eta istorioz istorio bi astetan zehar, sekretupean gordetako mezua barruan duela, helmugara noiz iritsiko zain mezua jendartera zabaltzeko. Aurten, “euskahaldundu gaitezen” lelopean arituko gara berriz ere milaka pertsona lekukoaren atzetik korrika, euskara elkarri emanez.
Euskara euskaldunona den ondare baliotsua dugu, gurea.Beraz, aurten ez dut zapatilak janzteko aukerarik galduko eta ziur nago zuek ere, berdina egin beharko zenuketela…