Askotan galdetu izan diot neure buruari zer abesti jartzen zieten gurasoek Espainia aldeko haurrei autoan. Hau da, zer abestik markatu ote dituzte euren haurtzaroko bidaiak? Atzera begira jarri, eta konturatzen naiz jaso dugun heziketa sentimentala“ izugarri aberatsa dela. Esate baterako, txikitan, Benito Lertxundiren eta Mikel Laboaren abestiak entzun genituenok XV. mendeko khantoriak eta poema epikoak ikasi genituen buruz, bai eta abesti ezin modernoagoak ere. Ez genuen ulertzen zergatik aipatzen ziren Ozaze Jaurgainiko bi zitroin doratüak. Beldurra ematen zigun “Baga, biga higaz” hasten zen abesti siniestro samar hark, baina antzematen genuen, nolabait, berezko mundu baten osagaiak zirela guztiak. Badakit aurrera egin behar dela, nostalgiko jartzeak ez duela zentzurik, baina “euskal unibertsoa” delakoa galdu nahi ez bada, funtsezkoa iruditzen zait horiei eustea, eta belaunaldi berriei helaraztea. Eta gurasoek egiten ez badute, hezkuntza-sistema arduratu beharko da, ez?