Aiaraldearron erreferentziazko hiria Bilbo da, ukaezina da hori. Txiki-txikitatik eraman gaituzte hara: erosketak egitera, paseatzera, medikuarenera... Kontua da, baina, hainbat arrazoi direla medio: ikasketak, lana, familia... Gasteiz ere deskubritzen dugula halakoren batean, eta batzuoi gustatu egiten zaigula, gainera. Orduantxe sortzen da polemika. Antza, ezin dituzu bi hiriak gustuko izan, edo beste modu batean esanda, Gasteiz atsegin baduzu ezin zaizu, aldi berean, Bilbo gustatu. Zeinek asmatu ditu, baina, axioma antzu horiek? Hiri perfektua ez da existitzen, denek dituzte argi-ilunak, baina amorrua ematen dit norbaitek Gasteiz gorroto duela dioenean, eta hori askotan entzun izan dut gure eskualdean. Ezjakintasunak eragindako sentimendua da? Ala, akaso, Bilbo abertzaleagoa eta jatorragoa (“vasco”agoa, egia esan) dela sinestarazi digute?
Globalizazioak geure hirietako ezaugarriak suntsitu nahi dituen honetan, horiek zaintzea dagokigu, bakoitzaren nortasunari eustea. Ez gaitezen, beraz, polemika absurduetan erori, eta disfruta dezagun Euskal Herriko hiri guztiez, asko daukate-eta eskaintzeko.