Aspaldi ezagutu nituen, amari esker, haren onurak. Eta eskerrak eman nahi dizkiot, gainera. Osasuntsua da, merkea, mundu guztiak egiteko modukoa, taldeka zein bakarrik, eta hiri bat ezagutzeko modurik onena. Virginia Woolfek oso gustuko zuen, eta Kantek, eta Nietzschek, eta Rousseuk eta Dickensek… Eta erromantiko alemanek, noski. Ez nintzen ba ni haiek baino gutxiago izango, ezta?
Frantzian hari buruzko tratatu moduko bat idatzi berri du Fréderic Gros filosofoak, eta bestseller bilakatu da. Desobedientziarako tresna dela dio, eta gorputzaren, paisaiaren eta bidearen arteko uztarketa aldarrikatzen du liburuan. Paseatzeaz ari naiz, bai, ibiltzeaz. Edonora autoz joaten garen egunotan, presaka bizitzera kondenatuta gauden honetan, ezinbestekoa da gelditzea, arnasa sakon hartu eta tipi-tapa oinei eragitea. Inguratzen gaituzten gauzei erreparatzea eta beste erritmo bati lotzea. Wandern izan zen, hain zuzen, alemanez ikasi nuen lehen hitzetako bat. The Grand Budapest Hotelen antza zeukan hotel alpino batean izan zen, Alemania hegoaldean. Jakingo duzue honezkero zer esan nahi duen, ezta?