Urtebete daramagu elkarrekin bizitzen. Hasiera zaila izan zen, gatazkatsua. Beldurra ematen zenidan; zuri buruzko zenbait kontu ilun entzunak nituen-eta. Gurasoak ere gure harremanaren kontra zeuden; ez dituzte sekula gustuko izan zure kastakoak. Tradizionalagoak dira, antza.
Baina, pixkanaka-pixkanaka, zuregana hurbiltzen hasi nintzen, limurtzen, ukitzen, laztantzen… eta, azkenean, ezinbesteko bilakatu zara etxean. Gure amonak zioen etxeko tresnarik onena, zalantzarik gabe, garbigailua dela, eta zentrifugazioa dela sekula egin den aurkikuntzarik handiena.
Nire kuttunena, ordea, zu zara: presio-eltzea. Apur bat kostatu zitzaidan zuri neurria hartzea; beno, zuri baino, behar duzun ur-kopuruari, baina behin martxa hartuta… Bikain konpontzen gara. Denbora eta gasa aurrezten laguntzen didazu, eta, gainera, primeran prestatzen dituzu gehien gustatzen zaizkidan jakietako batzuk: garbantzuak, brokolia, sagar-konpota… Ez dago zu bezalakorik! Egunen batean, bizitzan zehar egin ditudan inbertsiorik onenak zein diren galdetzen badidate, zu zerrenda horretan egongo zara, bai horixe.