Azkenaldian toki askotan ikusten ari naiz herritarrak irakurtzera bultzatzeko mezuak edo “haurrak irakurtzen hasteko 10 arrazoi” moduko leloak. Nik, ordea, zera jakin nahi dut: jendeak zergatik ez duen irakurtzen. Hau da, medikuaren kontsultako itxaron gelan daudenean, trenean doazenean, autobusaren edo hegazkinaren zain daudenean edo are igande arratsalde euritsu batean, zer demontre egiten dute irakurtzen ez duten horiek? Izan ere, egoera horietan ez zait beste zeregin hoberik bururatzen. Eta orain sikiera mugikorra dute, eta harekin eman ditzakete orduak eta orduak, baina lehen? Zer arraio egiten zuten lehen? Irakurtzeko hamaika arrazoi bururatzen zaizkit niri: bidaiatzeko modurik merkeena da, hizkuntza baten ezagutzen sakontzeko tresna ezinbestekoa, ikasteko eta aldi berean disfrutatzeko aukera ematen dizun baliabide paregabea... Eta, esandakoa, itxaronaldietarako ez duzue topatuko liburu bat baino lagun hoberik.