Periferia(k)

Erabiltzailearen aurpegia Irati Marañon 2018ko urt. 4a, 10:39

Gune baten, bereziki hirigune baten, ingurua omen da periferia. “Aldiri” eta “kanpoalde” ditu sinonimo eta “erdigune” eta “nukleo”, aldiz, antonimo. Asko dira igandean jokatu zen Bertsolari Txapelketa Nagusiko finaletik arrantza daitezkeen hitzak, baina ni Sustrai Colinak amaierako agurrean aldarrikatu zuen “periferia” horrekin geratzen naiz. Gure herriko periferia geografikoetan egiten den hizkuntza-periferiaz gogoratu zen, eta lan hori aitortu zuen. Hona hemen, bada, unibertso periferiko horren bi keinu. Bat: auzoko bi, Amurrion. Biek dituzte guraso erdaldunak. Batak, zaharrenak, eskola publikoan ikasi zuen, euskararik apenas irakasten zen garaian. Besteak, ordea, ikastolan. Haien artean beti egin dute gaztelaniaz, baina uneren batean, zaharrena euskara buru-belarri ikasten zebilela, txipa aldatu eta orduz geroztik euskara hutsean mintzatzen dira. Bi: Amurrioko neska bat eta Kripango senide bat hara non elkartu diren Gasteizen, gau zororen batean. Aspaldi ikusi gabe eta lehenengo hitza euskaraz eta orduz geroztik ere elkar ikusten duten bakoitzean, euskaraz. Amurriokoaren aita eta Kripangoaren ama lehengusu-lehengusinak dira, eta udan elkarrekin ibiltzen zirenean gaztelania hutsean egiten zuten. Belaunaldi batean, hortaz, nabarmen aldatu da egoera. Euskararen erabileraren inguruko azken datuak oso kezkagarriak dira, bai, baina itxaropenerako zirrikiturik badago. Hori bai, itxaropena ez da berez pizten eta zirrikituak irekitzeko ateari bultza egin behar zaio.

Iritzi artikulu hau Alea.eus-en publikatu da eta CC-BY-SA lizentzia erabilita ekarri dugu hona.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide