Aurtengo ikasturtea amaitzear dago eta kanpo ebaluazio diagnostikoa, LOMCEren errebalida bezala ezagutzen duguna, geroz eta gertuago daukagu laugarren mailako ikasleok.
Desinformazioz betetako hilabete hauetan nahiko lasai ibili izan gara ikasleak. Izan ere, hasiera batean, Cristina Uriartek prentsaren aurrean esan bezala, ez genuen errebalidarik izango.
Horretaz gain, nire ikastetxean behintzat, nahiko eskasa izan da gaiaren inguruko lanketa. Pasa den ikasturtean, ikasle eta langile baten eskutik, LOMCE eta Heziberri hezkuntza sistemen inguruko hitzaldia jaso genuen. Hori izan da gaur arte eskura eman diguten informazio guztia.
Egoera penagarri honen aurrean, hainbat gazte antolakundek erabaki zuten lanean hastea duela aste batzuk.
Bilera batzuen ostean, Laudion eta Amurrion Ikasle Asanbladak deitzea adostu zen; eta horren harira, maiatzean jendea planto dinamikan kokatzeko hainbat ekintza gauzatzeko asmoa azaleratu da.
Azpimarratu beharrekoa da ikasleriak azterketa arrotz honi planto egiteko daukan gogoa. Nahiz eta hausnarketarako aukera gutxi izan, oso argi daukagu, ez gaituzte zenbaki huts bilakatuko. Badirudi gure erraietan ezkutatuta zegoen borrokarako gogoa berpiztu digula.