IRITZIA

Euskara eskuragarri

Erabiltzailearen aurpegia Iratxe Osoro Vitores 2022ko urt. 26a, 06:00

Ilustrazioa: Argia.eus

Euskara guztiontzat eskuragarri egiteari buruz hausnartzean hainbat ideia, kezka edota ardura etorri zaizkit burura. Egiari zor, kapital ekonomiko, kultural eta sozial eskasa dutenek, euskarara hurbiltzeko aukera gutxiago dutela esango nuke.

Pertsona migranteen egoeran jarriko dut begirada. Hauen ezaugarrietako bat adina da, etortzen diren gehienak 18 urtetik gorakoak dira. Horrek esan nahi du gure hezkuntza sistematik ez direla pasatu eta honek eragin zuzena du euskararekiko harremanean, are gehiago, bizitzeko, hizkuntza ezinbestekoa ez den herrialde batean. Jakina da hezkuntza sistematik pasatzeak ere ez duela euskalduntze prozesua bermatzen, zer esanik ez zalantzan maiz jarri den “D” eredu baten aurrean. Emaitzak izateko, errealitate batetik abiatu behar dugula uste dut eta horretarako hezkuntza sistemari errepaso bat eman beharko genioke. Kontzentrazio eskolarra normala da, azken finean, kultura, hizkuntza edo dena delakoa amankomunean izatean taldetxoak sortzen dira, arazoa dator kontzentrazioa segregazio bihurtzean. Ezin dugu bi aurpegiko errealitate bat irudikatu. Arazo larria daukagu  bidaltzen dugun diskurtsoak eta praktikak bat egiten ez dutenean.

Euskara ikastea nahi badugu, ikastaroak eskaini egin behar dizkiegu. Eskaintza zabala da, baina hauek ez dira guztien behar eta egoeretara egokitzen. Kontuan hartu behar diren hainbat faktore sartzen dira hemen: lan mundua eta ikastaroen ordutegiak, klaseak astean zehar izaten dira eta ordutegi konkretu batzuetan… Tamalez, baliabide ekonomiko baxua duten pertsona gehienek ordutegi ezegonkorra dute. Bestalde, badaude beste hainbat oztopo: familia kontziliazioa, egoera irregularrean dauden pertsonak, egoera ekonomikoa eta abar luze bat. Azken hau, traba handienetariko bat da. Dirulaguntzak egon badaude, baina hauek lortu ahal izateko asistentzia minimo bat bete beharra dago eta  lana dela medio sarritan ezinezkoa da. Hori bai,  dirua aurreratu behar da. Arazo honi aurre egin eta euskararen ikaskuntza prozesuan eta erabileran eragiteko, berdintasunean oinarritutako politikak garatu behar dira, pertsona erdigunean jarriz eta baliabideak emanez. Horretarako, nahitaezkoa da instituzioen aldetik inplikazioa eta baliabide ekonomikoak ematea.

Honen harira,  Kataluniako E eredua aipatu nahi dut. Modulu honen bitartez, 45 orduko ikastaro bat eskaintzen da katalana ikasi eta aldi berean paperak lortzeko. Era horretan, hizkuntzarekin lotura afektiboa sortzeko aukera dago. Azken hori oso garrantzitsua deritzot, pertsona hauen oinarrizko beharretara bideratutako ikasketa prozesuaren bitartez, hizkuntzarekin beste harreman mota bat ematen delako. 

Erakargarritasuna lortzea da beste gakoetako bat. Gune euskaldunetara hurbiltzeko aukera eman eta  pertsona migranteei herrialdeko ekimenetan parte hartzeko ateak ireki. Migrazioaren eta harrera linguistikoaren inguruko jardunaldietan pertsona senegaldar batek emandako lekukotasuna aipatuko dut: “Laguntza behar dudanean beti hor dago jendea, baina hortik aurrera zaila da…”. Zein motatako laguntza ematen diegu? Kultura ekitaldietara gonbidatuak izan ohi dira? Eta, hala bada, zein maila ekonomikoko ekitaldietara? Barnera bidaiatu eta hausnar dezagun. Saioa Alkaizak erran bezala, mundua ez ote da ederragoa bazterrera hurbilduz?

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide