Antiespezismoaren inguruko zutabe bat eskatu zidatenean, ezin nuen sinetsi. Bada, antza, txoko honetan gai honen inguruko interesik. Orduan hasi nintzen pentsatzen: Zergatik behar dugu Aiaraldean gizakiz besteko animalien zapalkuntzaren inguruan hausnatzen duen zutabe bat?
Hainbat gertakarik adierazten dute beste animaliekin dugun harremana aldatzen ari dela. Zezenketak, bigantzak, asto lasterketak, idi probak eta antzekoak desagertzen ari dira hainbat jaitatik; aukera beganoak dituzte hainbat jatetxek; kaleko katuen kudeaketaren inguruko eztabaidak pizten dira noizean behin eta ekofeminismoa hainbat esparrutatik hedatzen ari da, seinale batzuk aipatzearren.
Pentsamolde berriak azaleratzeak beti ekartzen du deserosotasun puntu bat. Kasu honetan, gainontzeko animaliekin dugun harremana aldatu nahi ez dutenen eta zalantzan jartzen ari direnen arteko tentsioa. Bigarren horientzako besarkada izatea du xedea zutabe honek. Gainontzeko aiaraldearrek ikusten ez duten biolentzia espezista ikusten dutenentzat, alegia, baita jaiak animaliak zirikatu gabe ere disfrutatu nahi dituztenentzat, ganadu azoketan normalizatzen den indarkeria gustuko ez dutenentzat eta animaliak jan nahi ez dituztenentzat ere.
Erronka handia da gizakiok animaliak nahi bezala erabiltzeko tresna gisa ikusteari uztea, edo gizakiok gainontzeko animaliekin zelako harremana izan nahi dugun pentsatu —beharbada lehenbiziko aldiz—, eta guztiontzat justuagoa den komunitatea eraikitzea. Hausnarketa prozesu horretarako ideia batzuk botako ditut zutabe honetatik, militantzia antiespezistan eta beste hainbat borroka sozialetan kolektiboki ikasitakoa oinarri hartuta.
Nolanahi ere, prozesu horretan ezin dugu ahaztu antiespezismoa ez dela animalien askapenerako borroka hutsa, baizik eta zapalkuntza guztiekin amaitzeko mugimendua, zeinak “guztiok” horren barruan animaliak ere aintzat hartzen diren. Hori dela eta, Aiaraldeko herritarren gainontzeko kezken eta eskakizunen eskutik joan behar du antiespezismoak, hots, euren lanpostuengatik borrokan dabiltzanen eskutik; matxismoaren kontra lanean ari direnen aldamenean; pentsiodunekin; eskualde irisgarriagoa eskatzen ari direnak ahaztu barik; espazio autogestionatuekin bat; merkatariekin; nekazari eta abeltzainekin.
Bai, nekazari eta abeltzainekin ere, eurek baitute euren bizi baldintza propioen eta eurenpean dauden animalien askatasunaren arrakastarako giltza garrantzitsu bat. Hortaz, ezinbestekoak dira animalien interesen inguruko hausnarketa prozesu honetan. Gainera, euren lanbideak gure elikadura burujabetzarako funtsezko tresna dira, baita, tokiko merkatariekin batera, Aiaraldeko ekonomia suntsitzen duten makroenpresen kontrako erresistentzia erreminta ere.
Gure espezismoaz jabetzeko eta Aiaraldeak antiespezismoaren irakurketa propioa egiteko, esfortzu kolektiboa egin behar dugu. Guztiok —gizakiz besteko animaliak barne— zapalkuntza estrukturalik jasan gabe bizi garen Aiaraldea posiblea da.