Intsektuak esplotatu dituen erakusketa bat izan berri da Bilboko Guggenheim museoan. Iberdrolarekin elkarlanean, klima larrialdia eta naturaren zaintza aitzaki hartuta, museoak 48 artistaren lana hartu du, naturako hainbat elementu omendu dituztenak. Obra batzuek, baina, izaki bizidunak dituzte gatibu, zenbait espezietako hainbat intsektu, hain zuzen ere.
Animaliatxo horiek museoaren gainontzeko aretoetara ez heltzeko, kontrol neurri zorrotzak jarri dituzte “izurriak kontrolatzeko enpresa” batekin, eta euren ugalketa galarazteko bezain oxigeno maila baxuetan mantentzen dituzte, anoxia egoeran.
Ez da Guggenheim museoak gizakiaz besteko animaliak, arte garaikidearen izenean, esplotatzen dituen lehen aldia. New Yorken, 2008an, hainbat erakusketa kendu zituzten gizartearen presioari esker. Obretako bat aipatzearren, bideo batean erakusten zuten zelan artista batek hainbat pitbull bikote aurrez aurre kokatu zituen korrika egiteko makinei lotuta, elkarri eraso egin nahi eta ezin, erabat jota. 2012an, Maurizio Cattelanen disekatutako zaldi batez osatutako “obra” ere kendu zuten. Bilbora etorrita, 2018an, 2008an New Yorken antolatutako erakusketa bera gure lurraldean dagoen museora heldu zenean, AEBn zentsuratutako lan batzuk mantendu zituzten, besteak beste, hainbat narrasti espezie terrarioetan gatibatu eta elkar jaten zuten erakusten zuen bat.
Museo hori ez da artearen izenean animaliak esplotatu dituen erakunde bakarra. Wim Delvoye artista ezaguna da txerriak tatuatzeagatik; txerriak hiltzean, euren azala garesti saltzen du. Nina Beierrek erakusketak egin izan ditu katu eta txakurrekin, horiek mugitu ezin diren performanceetan egoera behartuta. 2007an, Managuako Galería Códicen (Nikaragua) Guillermo Vargasek kaleko txakur bat lotu zuen, gosez zelan hiltzen zen ikusteko, edo, haren esanetan “inork txakurra salbatzen zuenetz froga egiteko”; ez zen gertatu.
Antzeko zerbait ikus dezakegu zoologiko, akuario eta zirkuetan. Erakunde horiek animalia exotikoekiko eta naturarekiko ezagutza zabaltzen dutela argudiatzen dute, baina espezie askotako norbanakoak hartu eta habitat arrotzetan, euren benetako bizi baldintzetatik oso urrun dauden espazioetan sartzen dituzte. Animalion jokabideak ez dira eurenak, trukoak egin ditzaten esplotatzen dituzte, eta estereotipiak garatzen dituzte habitat artifizialetan preso egoteagatik, espezie arrotz askorekin pilatuta bizitzeagatik eta horrek sortzen dien estresagatik. Bizitza osoa preso ematen dute, bisitariek segundu batzuetan ikus ditzaten.
Guggenheimeko erakusketari dagokionez ere, naturaren ezagutza erabili dute aitzakia gisa energetikoen negozio erraldoiak eta museoak. Klima larrialdia aipatzen dute erakusketaren deskribapenean, baina esplotazio ariketa horrek gizakiok animaliekiko eta naturarekiko dugun harreman menperatzailea indartu besterik ez du egiten.
Tamalez, museoek natur zati bat edo bertako biztanleak harrapatu eta monetizatzen dituzten garaia bizitzea egokitu zaigu. Eta, hori nahikoa ez dela, gainera, animalia horiei fabore bat egiten arituko balitzaizkie bezala jokatzen dute, euren eta naturaren kontra egiten duten logika antropozentriko eta espezistak aplikatuta.
Bada garaia logika zapaltzaileak eta greenwashingak detektatu eta errotik ateratzeko, behintzat bizi dugun Lurra zaindu nahi badugu eta gainontzeko animaliekin ditugun harreman etikoak eta guztiontzat mesedegarriak izatea nahi badugu.