IRITZIA

Zapalkuntzen piramidearekin amaitzeko

Erabiltzailearen aurpegia Irene Barañano 2026ko uztailaren 14a

Gizonezkoak bigantxa bat zirikatzen Oiartzunen. Linas Korta /AIA

Udarekin batera, herri eta auzoetako jaiak datoz, eta apurka murrizten doazen arren, urtero milaka animalia zirikatzen dira gizakien dibertsioa aitzakitzat hartuta. Zein motatako aisialdia oinarritzen da besteak zirikatzean, torturatzean, hiltzean? Argi dagoena da mota horretako ekintzek, dominazio logikak zabaltzen dituztela.

Zehatzago azalduta: Gizaki guztiok hierarkia baten barnean bizi gara. Goi-goian, piramidearen puntan, pribilegio guztiak dituen subjektu hegemonikoa dago: gizon zuri zishetero, gazte, diruduna, ikasketaduna eta abar.

Bere azpian, zapalkuntzak metatzen ditugun gainotzekoak kokatzen gara: emakumeak, pertsona arrazializatuak, lodiak, gaixoak, desgaitasunak dituztenak, justizia sistemarekin arazoak dituztenak, neurodibergenteak, lanbide estigmatizatuak dituztenak, laguntza sarerik ez dutenak eta ditugun edo bizitzako momenturen batean izan ditzakegun menderakuntza guztiak pairatzen ditugun pertsonak. Zapalkuntza horietako edozeinek eragin dezake piramidean gora edo behera egin dezagun egun batetik bestera.

Hierarkia hori ikusezina bada ere, ondo sentitu dezakegu, goikoen pisua geure bizkar gainean. Eta belarriak fintzen baditugu, behekoen oihuak ere entzutera iritsi gaitezke.

Piramide horren barruan, gizakiak ez diren animaliak ere badaude. Gizakien azpian kokatu ohi ditugu oro har, baina ez du zertan hala izan. Esate baterako, txakur eta katu batzuk giza piramidearen beheko sektoreetan dauden pertsona batzuk baino gorago kokatzen dituzte pertsona batzuek. Maskoten ondoren, gizakiek nolabait errespetatzen dituzten animalia basatiak kokatu ohi dira. Eta beherago, gizakiak bere kontsumorako esplotatzen dituenak daude, batez ere abereak eta itsas animaliak.

Botere harreman horretan gauden izaki gehienok pairatzen dugu goragoko mailen zapalkuntza, beti goitik beherakoa. Gizonek emakumeak zapaltzen dituzte; gizakiek, gainontzeko animaliak; zuriek pertsona arrazializatuak; gorputz normatibodunek, lodiak. Horregatik, ez da kasualitatea animaliak zirikatzen dituzten ekintzetan gizonezkoak gehiengo oso handia izatea.

Botereak ez du nahi hierarkia hori apurtzerik; eroso mugitzen da horretan. Hori dela eta, ez da kasualitatea, eskuin muturra gora egiten ari den une honetan, Eibarko Udalak, hamar urtez bigantxak bakean utzi ostean, sokamuturra berriro ere ezartzea. Eta ez da kasualitatea Eusko Legebiltzarrak 8 urtetik gorako haurrak tauromakia ekintzetan parte hartzeko lege bat onartu izana duela aste eskas batzuk.

Animalia guztiok gutxi batzuen mesedetan jokatzen duen hierarkia horren menpe gaude. Zenbat eta pribilegio gehiago eduki, gorago egongo gara, eta zenbat eta zapalkuntza gehiago metatu, beherago. Azpikoak menderatzeak, gutxiesteak, iraintzeak edota gaizki tratatzeak ez gaitu botere harremanen hierarkiatik libre egingo; aitzitik, hura indartzen arituko gara.

Benetan zapalkuntza guztiekin amaitu nahi badugu, piramidearen maila guztien arteko jakinmina, enpatia, errespetua eta elkarlaguntza sustatzea besterik ez dugu. Hierarkia horrekin amaitzeko modu bakarra zera da, botereak sustatzen dituen menderakuntza harremanei men ez egitea.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide