Hezkuntzan gutxien espero genuen momentua heldu da. Bai, hurrengo ikasturteetan hezkuntza sistema arautuko duen legea mundura jaio da. Eta, momentuz jaioberria bada ere, laster bere lehenengo urratsak emateko prest egongo dela aurreratu digu Wert ministroak, bere aita zoriontsuak. Lege berri hau LOMCE izenarekin bataiatu dute, “kalitatea” eta “hobekuntza” hitzak hezkuntzakoarekin txertatuz. Baina, kasu honetan izena eta izana ez dira gauza bera eta, guztiok kalitatezko hezkuntzaren defendatzaileak eta hezkuntza sistema hobetzeko aldekoak izan arren, lege honen barrukoak, mamiak kontrako noranzkoa jarraitzeko asmoa dauka. Kalitatezko hezkuntza ez da lortzen lurralde ezberdinen ezaugarriak ezeztatuz, hezkuntza komunitatearen iritziak baztertuz, ikasleak emaitzen eta klasearen arabera diskriminatuz, curriculuma elizaren zerbitzuan jarriz, ikastetxeen arteko lehiaketa bultzatuz… LOMCEaren sorrera hezkuntzaren kontrako baloreetan oinarritu da. Euskal Herrian hezkuntza sistema propioa eraikitzeko pauso berriak emateko beharrean gaude. Egin dezagun!