Berriz ere, hotzarekin batera abendua etorri zaigu, lanean eman dugu urtea eta orain neguaren etorrera ospatu beharra daukagu. Aurten urtero moduan Euskal Herriko herri guztietara joango gara, gu eta gure laguntzaile guztiekin. Urtea ama lurra zaintzen eman dugu eta txondorrak egiten.
Ikatz asko egin behar izan dugu, gu triste jartzen gaituzten jarrera asko ikusi baititugu.Euskarak, gure hizkuntzak, zapaldua jarraitzen du, erabilerak gora egin duen arren gure herrietako kaleetan oraindik ezin dugu euskaraz normaltasunean bizi . Hala ere asko pozten gara, herritarrak egiten ari diren esfortzuarengatik euskararen normalizazio prozesuan.
Baina poztasunerako garaia da, momentu gogorrak bizi ditugun arren, herritarrek argi izpiak zabalduko dituzue zuen esfortzu eta lanarekin. Egunero, oztopoen aurrean aurrera jarraitu eta zoriontsu izatera animatzen zaituztegu, horrek egiten baikaitu zoriontsu.
Muxu eta besarkada handi bat, Gabonetan etxetik urrun zaudetenei eta jarraitu euskaraz bizitzen!