Bosgarren inkesta Soziolinguistikoaren arabera, Arabako bilakaera soziolinguistikoak hobera egin du. Hala ere, 10etik 9k baino gehiagok erdara du lehen hizkuntza. Zorionez, 16 eta 24 urtekoen artean, % 46,2 elebidunak dira. Horrek erakusten du hezkuntza sistemak berebiziko garrantzia duela hizkuntzaren transmisioan eta normalizazioan, pertsona euskaldun eleaniztunak sortzeko eta hezteko. Baina eremu formal horretatik kanpo, erabilera jaitsi egiten da; gurasoon utzikeriagatik, garatzen ari diren politikak eznahikoak direlako, gaztetxoentzat eredu direnek beste hizkuntza batzuk erabiltzen dituztelako, etab. Gaztetxo gehienentzat gaztelaniaz bizitzea da eguneroko errealitatea, normala dena. Euskarak ez ditu betetzen gaztelerak betetzen dituen funtzioak. Esfortzu apartekoa egin behar dute gaztelera ez den hizkuntza bat erabiltzeko. Horretarako motibazio berezirik ez badute, ez dute erabiliko. Hezkuntza sistemaren ekarpena da gazte horiek euskaraz aritzeko gaitasuna izatea, eta ez da gutxi, baina hortik hizkuntza erabilera-ohiturak errotik aldatzeko urratsa egiteko funtsezkoa izango da alor eta estamentu guztiak inplikatzea, bai eta hauen arteko koordinazioa, elkarlana eta osagarritasuna ere.