Duela gutxiko astelehen batean gure alaba baten deia jaso nuen Patxi Goitia hil egin zela esanez. Askotan bezala, ez dakizu zergatik baina nahiko lur jota utzi ninduen berriak. Banekian osasunez
nahiko eskas zebilela. Orain dela hiru hil edo agurtu nuen azkenekoz Zumalakarregi aldean “¡Patxi, Bittor naiz ...koa!”, aulki gurpildunean zegoela, baina ez dakit ea ezagutu ninduen.
Orduak joaten diren neurrian, sarritan, uneko tristuraren arrazoiak argi ikusten ez badituzu ere, denborak pixnaka-pixkanaka zenbait argi-izpi eskaintzen dizkizu. Duela 37 bat urte lanagatik ezagutu nuelakoan nago, niganako begirune berezia erakutsi zidala. Geroago sarri askotan ikastolako atarian elkar agurtu, bere lobaren bila zihoala. Bi edo hiru minutuko agur bat baino ez, baina beti atsegin.
Manolo Goitia, bere anaia, iaz joan zitzaigun. Berez, Lekeitiora autoz eraman nuen udako egun batean ezagutu nuen, gure familiak han oporretan zeudelako. Ordu bateko bidaia hartan Laudiori buruzko datu interesgarrien bat eman zidalakoan nago. Uste dut txikitan Laudioko Euskal Katexima etxean erabiltzen zutela kontatu zidala. Geroago Ugarteko dorrearen inguruko zenbait leku-izen aipatu zizkidan eta plano batean zehaztu ere bai. Beti zegoen prest laguntzeko zegoela, baita hauen arreba
ere. Manolo, gaixoaldiaren ondoren, kalean topatu nuen, oso baikor, eskua emanez azaltzen zituen osatzearen gorabeherak. Denboraldi baten ondoren, bere heriotzaren berri izan nuen, hileta-elizkizunetara joateko asmo tinkoa nuela, baina lan-ordutegiagatik ezin izan nuen. Patxiren omenaldira, aldiz, joatea oso gogorra egiten zitzaidan. Joan naiz, antzeko omenaldi batera, baina aire zabalean. Zubikoko etxe barruan, toki itxi batean, nahiko gaizki pasatuko nuelakoan, ez nintzen joaten ausartu. Gure alabak esan zidanean “Ioritzen osabaren omenaldira goaz lagunak“ bazekien burumakur nengoela, eta ez nintzela joango. Etxean geratu nintzen hitz hauei bueltaka, eta familia osoari doluminak eta une latz horietan elkartasuna eskaini nahian.
Omenaldi egunean, Laudioko eskulangintza tailerrean zebilen gizon batek burumakur aipatu zuen Patxi bezalako gizonik ez zuela ezagutu herrian. Biharamuneko egunean, eskela oraindik zegoela, etxerantz
nihoala autoa gelditu nuen eta berriz bere argazkiari erreparatu nion, Patxik irribarre zintzo eta zabala zuela. Irudi hori gordeko dut. Geroago kalean seme nagusiarekin topatu nintzen, elkarrekiko hitzez eta irribare batez agurtzeko aukera izan nuela.
Agur bioi, bihotzez.