Pasa den urtetik jakin badakigu Fracking edo haustura hidraulikoa benetako mehatxua dela gure eskualdean. Ekainean Aiaraldean egondako kamioi bibragailuak froga argia izan ziren.
Eta indarrean dauden baimen ezberdinek (SAIA, USAPAL, MIRUA) gure lurralde osoan eragina dute.
Enpresek eta zenbait alderdik frackingaren eztabaida baztertu nahi duten bitartean, herritarrok ezin gaitezke geldirik egon, haien hurrengo erasoaldia itxaroten.
Baliteke une hauetan gure herrietan kamioirik edo enpresarik ez ikustea, baina haustura hidraulikoa egin nahi dutenak lanean daude; euren bulegotan hain zuzen ere.
Horren aurrean, eztabaida lokartu ez dadin eta politikari guztiek haien jarrera erakutsi dezaten, frackingaren aurkako mugimenduakHerri Ekimen Legegilea abiatu zuen martxoan, oso gauza erraza eskatzeko: haustura hidraulikoaren debekua Eusko Autonomia Erkidegoan.
Horretarako ahalik eta sinadura gehien behar ditugu. Oraindik sinatu ez baduzu, Aiarako San Isidro azokan eta Amurrioko Txakolin egunean topatuko gaituzu laster.