Santa Luziako jaiak ate joka ditugu. Aurten jaia maiatzaren 25ean eta 26an ospatuko dugu. Jende gehienak ez dakien arren, Santa Luzia abenduaren 13an da baina urtero garai horretan izan ohi den (zen) eguraldiak ez du (zuen) bermatzen jaiaren arrakasta. Eguraldi hobea ziurtatzeko asmoarekin, aspaldi, jaia pazko igandetik 50 egunetara (astelehenera) pasatzea erabaki zuten eta errepikapena hurrengo igandean egitea.
Urteetan inguruko jairik ospetsuen eta jendetsuena izan den arren (gure aurrekoei galdetzea besterik ez dago), azken aldian gainbehera nabarmena nozitu dugu. Hau ikusita, duela bi urte Santa Luziarekin harremana dugun kide batzuk elkartu ginen egoera nola irauli aztertzeko.
Lehenengo kezka beti izan da jaiak data fnkorik ez edukitzeak dakarrena, batzuetan maiatzean, bestetan ekainean… Aste Santuarekin batera egon ohi den daten dantzarekin. Hau dela eta, aurrerantzean, maiatzaren azken astelehenean ospatzea erabaki genuen, eta errepikapena hurrengo igandean egitea baino, aurrekoan egitea. Era honetan jaia asteburu bakarrean ospatuko da, lanak erraztuz eta gastuak ere aurreztuz. Jaiaren ezaugarrien aldetik, adostu egin da euskara, euskal kultura eta natura ardatz izango direla .