Uda gerturatu ahala, herri eta auzoetako jaiak agertzen doaz eta gure herria den Laudion beste gauza batzuetaz igual ez, baina jaiak ospatzeaz zer edo zer badakigu. Urtero legez, udako lehenengo jaiak San Joanak izango dira eta, nola ez, San Joan Astobitzako baseliza inguruan ospatuko ditugu.
Famatuak ditugu Landaluze-Larrazabal auzoetako jai hauek. Bertan egiten diren taloak, bola txapelketak, krosa eta urtaro berrian sartzen garenaren berri ematen digun sua; su mitikoa batzuentzat, magikoa beste batzuentzat, eta beti ere beharrezkoa denontzat, aurten ere faltako ez dena.
Su osteko erromeri eta parrandak xelebreak izaten dira, urteko gaurik laburrena izanda nahikotxo luzatzea gustatzen baitzaie normalean gure herriko parrandazaleei.
Aurtengo jaiak berezitzat har ditzakegu gainera. Izan ere, herriko jai zaharrenetarikoa izanda, jai batzordea gazteenetarikoa da pasaden urtean egin zen belaunaldi aldaketa medio. Baina baloreak berdinak izaten jarraitzen dute: Astobitzako San Joanetan antolatzen diren jai euskaldun eta mitikoak ez galtzea.
Animatu eta parte hartu!